Oso handia izateko bidean da Lezoko Korrika
Gaur (ostirala) egingo dute Oroitzene AEKn 24. Korrikak herrian arrastoak utz dezan bigarren Korrika Batzordea, 17:00etan hasita. Lehenean 17 kidek parte hartu zuten, eta egitarauaren lehen zertzeladak hitzartu dituzte.
2024ko Korrika Txikiaren irudia. Pasioa piztu du Lezon, beste behin, Korrikak. Sentsazio izan daitekeen hori zifretara eramanda argudia daiteke pasioa duela herriak Korrikarekin: hilaren 16an egin zen lehen Korrika Batzordean hamazazpi kide izan ziren. Hala jakinarazi dute Oroitzene AEK-ko kideek. Pasio edo gar hori baretzeko aukera gaur (ostirala) izango da berriz ere: bigarren Korrika Batzordea 17:00etan bilduko da Oroitzenen bertan.
Lehen batzordean hartutako erabakien arabera, esan daiteke 24. Korrika handia izango dela Lezon. Ez bakarrik martxoaren 25eko 06:39etik (ordu horretan iritsiko da Gaintxurizketako gainera, Hondarribitik) 07:22era (sanjuandarrek ordu horretan hartuko dute lekukoa). Egun horren aurretik eta ondoren ere izango dira AEKren sostengurako nahiz euskararen erabileraren eta ezagutzaren bultzadarako egitasmoarekin lotutako jarduerak.
Esaterako, Korrika Txikia martxoaren 24an (asteartea) izango da, 15:30etik aurrera. Hau da, Korrika nagusiaren bezperan izango dute herriko txikienek lekukoa eskuz esku pasatzeko aukera. Martxoaren 26an, berriz, hain gazte ez direnen Korrika, edo Dinokorrika: Tipi-Topa ibilaldien barruan izaten denez, nagusien Korrika ostegunez egingo dute aurten ere.
Lehenagotik izango dira ekitaldi gehiago. Izan ere, herriko eragileekin elkarlanean eta haiek antolatutako asko baliatuz, Korrikari lotutako jarduerak izango dira herrian martxoaren 13 (ostirala), 14 eta 15ean. Horiei itxura ematen ari dira herriko eragileak, eta gaurko batzordea egun horien izaeran sakontzeko baliatuko dute.
Bestalde, euskaltegiko kideek adierazi dute materiala erosteko aukera zabalik dela. Edurne Lizarazu, Oroitzeneko kidea: «Aste honetan eta hurrengoan Korrikaren materiala erosteko aukera izango da Oroitzenen bertan. Egin dira jada salmenak, baina lezoarrei esan nahi diegu ez lokartzeko, berandutzen badira materialik gabe geratuko direlako. Peto asko ditugu saltzeko, baina azken Korriketan jendeak horiek eskuratzeko komeriak izaten dituenez, erne ibil daitezela lezoarrak!». Korrika Lagun egin nahi dutenek horretarako aukera zabalik dute.
Arazo txiki bat
Esana dago 24. Korrika martxoaren 25eko 06:30ak pasata direnean iritsiko dela Lezora, Gaintxurizketako gainera zehazki. Martxa herrira ordu ez oso erosoetan hara iristen den bakoitzean, harrera egiteko herritarrak bideratzen dituzte hara, Gaintxurizketako biztanleek Korrika gogoz hartzen badute ere, asko-asko ez direlako. Autobusez eramaten dituzte herrigunetik auzora lehen harrera egin nahi dutenak. Arazotxo bat dago aurten, baina: Belintxon autobusen gidaria erretiratu egin da.
«Korrika herrira Gaintxurizketatik sartu izan denean herrigunetik hara lezoarrak joan izan dira, autobusez; bi bidaia egiten ditu ibilgailuak herritik hara. Belintxoneko gidaria erretiratu da, ordea. Gure Korrika Laguna zen. Autobusa duen beste Korrika Lagunen baten bila ari gara», azaldu du Lizarazuk.
