Mugi sistema ertzetara ere iristea nahi dute
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua SOS Arrazakeriarekin elkarlanean ari da gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonak Mugi sisteman sartzeko.
SOS Arrazakeriaren egoitzaren kanpoaldean egin dute agerraldia.Gipzukoako Foru Aldundia Mugi sistema ertzetara heltzea nahi dute eta hori horrela, elkarlanean ari dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketa departamentua eta SOS Arrazakeria. Helburua, SOS Arrazakeriak artatzen dituen gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonek Mugi sisteman sartzeko aukera izan dezaten.
Azahara Dominguez departamentuko buruak azaldu duenez, hainbat laguntza ematen dizkie jada bere departamentuak Caritas, Sarea Fundazioa, Zehar Errefuxiatuen elkartea, Gurutze Gorria eta orain SOS Arrazekeriari gizarte babeseko ertzetan dauden pertsonentzako garraio publikoa bezalako funtsezko zerbitzu baterako bidea errazteko. Laguntza horien bidez, Mugi txartel anonimoak erosi eta kargatzea finantzatzen da, eta ondoren, SOS Arrazakeriak kasu honetan, kudeatuko ditu artatzen dituen pertsonen artean.
Bisita egin du gaur Dominguezek SOS Arrazakeriaren Errenteria-Oreretako egoitzara. Bertan adierazi du beste eskubide batzuetarako sarbidea bermatzen duen eskubidea dela garraio publikoa, “osasuna, hezkuntza, lana edo aisialdia, esaterako, eta herritarren artean aukera berdintasuna sortzea ahalbidetzen digun tresna bat ere bada. Horregatik da garrantzitsua SOS Arrazakeria bezalako erakundeei laguntzea, eurengana jotzen duten pertsonek mediku arreta edo enplegua aurkitzea bermatzeko”. Halako laguntzek, finean “gizarteratzea eta laneratzea” errazten dutela esan du.
Mugi pertsona guztiek bizi aukera berak izateko bermatzaile gisa balioetsi du Dominguezek, eta hartara sarbidea “demokratizatzea” ezinbestekoa jo, “baita gizarte babeseko sistemaren ertzetan dauden pertsonei ere, gure artean bizitza duintasunez garatu ahal izateko lehen urratsa baita”. Gipuzkoa lurralde solidarioagoa izan dadin lanean ari direla gaineratu du diputatuak.
Garazi Montuschi SOS Arrazakeriako kideak ere hartu du hitza. “Ezinbestekoa” jo du laguntza hori artatzen duten kolektiboarentzat, “gizarte bazterketa jasateko arriskuan diren gazte migranteentzat. 200 bat gaztek jaso dute laguntza, eta Herritarren Harrera Sarearekin koordinatuta egin da”.
Garraio publikoa erabiltzeko laguntzez gain, jakinarazi dute aldundia SOS Arrazakeriarekin lankidetzan ari dela Urretxindorra proiektuaren bidez. Proiektu hori gizarte mentoria bat da, bazterketa arriskuan dauden nerabe miganteentzat. Mentoria horren helburua da haur horien garapen pertsonalean, emozionalean eta sozialean laguntzea, unibertsitateko edo goi mailako zikloetako ikasleekin ezartzen den harreman pertsonal eta konfiantzazko baten bidez, ikasle horiek borondatez laguntzen baitute proiektuan.
Isaac Palencia Aldundiko Kultura Sustatzeko eta Gazteriako zuzendariak azaldu duenez, 40 adingabe ari dira aurten 12. edizioa beteko duen programa horretan.
