Oiartzun ibaiaren lehengoratzean urratsa aurrera
Fanderia auzotik igarotzen den Oiartzun ibaiaren ezkerreko ertzeko 300 metroko tarte baten ingurumena lehengoratzeko lanak bukatu dituzte.
Errenteriako Udalak eta URA Uraren Euskal Agentziak Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikia, bukatu dute Fanderia auzotik igarotzen den Oiartzun ibaiaren ezkerreko ertzeko 300 metroko tarte baten ingurumena lehengoratzen. Halaber ertz etzanak eta naturalizatuak egokitu dituzte, ibaiertzeko landaredi autoktonoarekin egonkortuak. Bertan, putzu berri bat, anfibioentzako eta ur ekosistemei lotutako faunarentzako habitata sortu dute.
Esku hartzea 2017an udalarekin lankidetzan hasitako hiri tartearen berreskuratze naturalerako estrategiaren barruan kokatzen da. Esku hartzeko, ezkerraldea lehengoratzea erabaki da, bioingeniaritzako tekniken bidez (krainer hormak edo elkarri lotutako zurezko egiturak, zeinen zuloetan ibaiertzaren egonkortasuna eta naturaltasuna bultzatzen duten espezie autoktonoak landatzen diren) eta urlehortarrentzako putzu bat industea, hiri bilbe bete-betean.
Egindako jarduketak garrantzi berezia hartu duela azaldu zuten atzo lekuan bertan egindako agerraldian, “gure ibaiertzetara hurbiltzeko jardunbide egokiaren adibidea den aldetik; eta oso kontraste nabarmena egiten du eskuineko ibaiertzarekin: han harri-lubeta bertikal bat eraiki baitzen lurraldeko bideen beharrak lehenetsiz, ibai ekosistemaren jarraitutasun ekologikoaren kontserbazioaren kaltetan”.
Fanderiako ibaiak lehengoratzeko jarduketak, guztira, 350.000 eurokoak izan dira 2017tik.
Errenteriako alkateak azpimarratu zuen Oiartzun ibaia berreskuratzea “Errenteriaren etorkizuna zaintzea dela, biodibertsitatea zaintzea eta herritarren ongizatea eta ibaiaz gozatzeko aukera ahalbidetzea eskutik doazelako”. Berreskurapen horretan egin diren askotariko esku hartzeen artean, URA agentziarekin urte luzez gauzatutako elkarlanaren garrantzia ere jarri zuen nabarmen, “bestela egin ezingo genituzkeen edo ahalegin handiagoa eskatuko luketen onurak dakartzalako, bai Errenteriarentzat, baita eskualdearentzat ere”.
Bestalde, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, Asier Lopez Etxebarriak, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu zuen, “gure hiri bilbeak egituratzen dituzten eta ingurune naturalak diren ibaiak berreskuratzen lan egiteko. Balio handiko eremuak dira, eta, hain zuzen ere, muga administratiboak ulertzen ez dituztenez, erakundeek elkar ulertzea eta elkarrekin lan egitea eskatzen dute “.
Oiartzun ibaiaren meandroaren ezkerraldea osorik lehengoratzea, Fanderia auzoan
Jarduketa horiek Errenteriak eta URAk Fanderiako Oiartzun ibaiaren ertzaren morfologia eta ingurumena berreskuratzeko 2017tik egiten ari diren lanari gehitu behar zaizkio. Bio ingeniaritzako lanei esker, ezkerraldea egonkortu egin da —higadura fenomenoen eraginpean egon baita—, ibaiertzeko basoa berreskuratu da, espezie inbaditzaileak kendu dira, hesiak eta elementuak kendu dira urak har dezakeen eremuan, eta faunarentzako babesleku diren hezegune txikiak sortu dira. hala azaldu zuten atzoko agerraldian, xehe.
Esku hartzeak funtsezko hiru helbururi erantzun diela ere azaldu zuten: ibaiaren funtzionaltasun ekologikoa lehengoratzea, ibilgua ibaiertzarekin konektatuz eta ibai habitata hobetuz; uholdeen aurreko kalteberatasuna murriztea, ur goraldien higadura ahalmena murriztuz, ertza sendotuz eta naturalizatuz; eta auzoak jende asko biltzen duen eremua denez, jarduketek eredu didaktikoa eta erreferentziazko esperientzia izan nahi dute antzeko arazoak dituzten beste ibai tarte batzuetan errepikatzeko.
Tokiko biodibertsitaterako habitat berria
Lehengoratu bai, baina gainera, urlehortarrentzako putzu txiki bat egokitu dela esan zuten, mikrohabitat txikiak, inguruan dauden espezieen ugalketa baldintzak hobetzeko. Obretan, putzu —aintziratxoa—bat induskatu dute, eta babesleku naturalak sortu dituzte, inguruan ibilgua mantentzeko lanetatik ateratako egur hilaren bidez.
Euri uraren eta lurpeko ekarpenen bidez modu naturalean elikatzen da putzua; hartara, ur lamina iraunkorra eta landare trantsizioa bermatzen da. Alegia, apoak, igelak eta beren habitataren aldaketarekiko sentikorrak diren beste narrasti eta anfibio talde batzuk hartzeko egokia. Putzu berri horrekin eta Fanderian meandroan egindako jarduketekin, URA eta Errenteria-Oreretak Oiartzun ibaiaren leheneratze ekologikoaren aldeko konpromisoa indartu dutela azaldu zuten alde guztiek: “Horri esker, Fanderiako ibai espazio urbanoa biodibertsitaterako, ongizaterako eta bizikidetzarako leku gisa indartu da”.
