«Erakargarritasuna dute portuek, eremu bereziak dira»
Ez da urtebete pasa portuaren buru izateko erabakia hartu zuenetik, baina garbi du azpiegiturak Gipuzkoarako estrategiko izaten jarraitzeko aukera errealak dituela. Lehen emakumea da karguan. Gai handietaz nahiz egunerokoetaz soseguz mintzo da.
Izaskun Goñi Razquin. Elkarrizketa bukatu eta portuaren plano handi bati begira jarri da Izaskun Goñi Razquin (Iruñea, 1972). Haren inguruan azken urteetan egin direnak goretsi ditu, batez ere herritarren erabilerarako hirigintza proiektuak azalduz, nahiz itsas ondare eta babesarekin konprometituak dauden eragileak aipatuz. Soseguz mintzo da haren bulego handian. Erantzukizun karguetan esperientzia handikoa da, enpresetan nahiz arlo publikoan postu teknikoak izan dituelako bai Nafarroako Gobernuan, edo Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko batzorde exekutiboan, besteak beste. Industrian ere egin du bide profesionala, eta besteak beste, Oiartzungo Docuworld enpresako esportazio-arduradun gisa aritu zen. Nafarra izanik ere, pasaitar pasaportea lortzeko bidean da, «arraunean hasi naiz».
2025eko martxotik zara Pasaiako Portu Agintaritzako presidente. Nolakoak izan dira hasierako hilabete horiek?
Oso pozik nago. Egia esan, ez nuen espero hemen lan egiteko aukera izatea. Sorpresa izan da aukera profesional hau izatea. Hala ere, industriaren munduan urteak eman ditut lanean, Oarsoaldea ere ezagutzen nuen Oiartzunen lau urtez lan egin nuelako… Industriaren eremuan orokorrean lan egin dut, eta horretan zabiltzala ikusten da zer garrantzia duen logistikak. Horrelako azpiegiturak oso garrantzitsuak dira lurralde bateko industria bere osotasunean lehiakorra izateko. Formazio zentroak, hezkuntzaren arloa, ikerketaren munduak ere garrantzia dute lurralde bat lehiakorra izan dadin. Baina azpiegiturek ere bai.
Portuek erakargarritasuna dute, nire ustez. Eremu bereziak dira, itsasoari lotuak, mugimendu askokoak. Alde horretatik aukera polita iruditu zitzaidan nire ibilbidearekin jarraitzeko, industriarekin duen loturagatik, baita eremu oso erakargarria delako ere.
Izendapenaren aurretik, presidente izateko aukera proposatuko zizuten. Erraza izan al zen baiezkoa ematea?
Nafarroako Gobernua 2023an utzi nuen, eta nire hurrengo urrats profesionalak eraikitzen hasi nintzen. Eremu pribatura publikoan izan ondoren jauzia egitea zaila da. Baina, pozik nengoen berrikuntza ingeniaritzan lanean, eta automozio enpresa batean ere izan nintzen. Beraz, aldaketa pentsatu behar izan nuen, bai. Lortuta nuena albo batera utzi behar izan nuen eta hemengo erronka onartu.
Enpresa munduan ibilitakoa zara, funtzio publikoan ere bai. Baina agian, ez oso ageriko postuetan. Orain eragile ekonomiko ezagun eta indartsu baten buru eta irudi nagusi zara.
Hala da. Orain arte nire posizionamenduak teknikoak izan dira. Kargu publikoak izan ditut, baina teknikari izaerakoak; ez naiz inoiz politikari profesional izan. Erakunde baten irudi naiz, bai. Baina nire joera beti izan da ikuspegi tekniko batetik lan egitea.
Portuko agintaritzako lehen emakume presidentea zara. Zer irakurketa du horrek?
Harritu ninduen ikustea portuko sail ezberdinetan nire adinaren inguruan dabiltzan emakume asko daudela lanean, bai bulegoetan, edo Kaizaingoan [portu barruko polizia] adibidez. Emakumeak azken urte hauetan gehitzen joan dira portuan, langilego orokorraren batez bestekoan geroz eta gehiago dira. Baina ez da hain ohikoa hemen, beste toki askotan bezala, postuen gailurrean egotea; ezohikoa da. Beraz, lehen emakume presidente izateak badu garrantzia.
Eta nafarra zara…
Uste dut euskaldunak, Euskal Herriko edozein lurraldetan etxean gaudela. Baten bat harritzen bada agian itsasoarekin lotura gutxiago izatea dakarrela ni nafar izateak, bada esan dezaket badugula zorte handi bat: portuko komunitatean erakunde eta entitate asko daude ahalbidetzen dutenak bertako itsas kultura eta ondarea ezagutu eta barneratzea.
2025ean 3,4 milioi tona mugitu ziren portuan; 2024an antzeko. 2023an 3,5 milioi tona izan ziren joan-etorrian. Egonkortu al da trafikoa?
Hamabi urte daramatzagu kopuru antzekoetan, 3,5 milioi tona inguru horretan. Guk egiten dugun irakurketa da horrek erakusten duela sendo dagoela portua, nahiz eta gauza asko gertatu azken urteetan: pandemia, gerrak, zerga-mugak… Beti mantendu egin gara tona kopuruetan. Baina ez gara zehatz berdin mantendu.
Salgaien nolakotasuna aldatu da. Adibidez, azken bi urteetan autoen trafikoa jaitsi egin da; garrantzia handiko terminala da autoena. Sektore hori eraldaketa handia bizitzen ari da, eta normaltzat eman daiteke ibilgailuen trafikoaren beherakada hori. Baina beste produktu batzuen trafikoa hazi egin da; batzuen igoerak beste batzuen jaitsiera konpentsatu egin du.
Azken batean portuak erakutsi du baduela gaitasuna malgu izateko, egokitzeko aukerak dituela, eta merkatuetan mugitzeko betiere kopuru horietara iritsiz. Hala ere ez gara konformatzen. Gure asmoa da kopuru horietatik harago joatea.
Azken urteetan, trafiko osoaren kopuru handi bat siderurgiakoak izan dira. Iaz %52 izan ziren. Dependentzia al du portuak siderurgiarekin? Arriskutsua al da hori?
Ez, erakutsi dugun egokitzeko gaitasun horregatik. Hau da; lehen Gipuzkoan baziren siderurgia enpresa gehiago. Baina ikusita duela 30 urte hemen portuan zenbat produktu siderurgiko mugitzen ziren, eta egun mugitzen direnak, horien trafikoa asko handitu da. Ekonomia eta merkatuen aldaketetara egokitzeko gaitasuna dugu. Adibide bat: Europan fabrikatutako altzairuzko bobinak guk bakarrik mugitzen ditugu, oso espezializatuta gaude merkantzia horretan. Europatik datoz horiek, eta Europara doaz portutik. Gainera, altzairuzko perfilak ere maneiatzen ditugu, eta horiek Kanadara doaz batik bat.
Aurrera begira. Zein erronka ditu portuak?
Plan estrategikoa landu dugu, 2030. urtera artekoa. Lehen erronka enplegua sortzea da gure lehiakortasunaren bidez, enpresak handituz eta trafiko gehiago ekarriz, nahiz sortuz; bigarrena da hori guztia jasangarritasun irizpideekin egitea, eta eremu horretan proaktibo izango gara klima aldaketaren kontrako neurriak ezartzen. Hirugarrenik, berrikuntza bultzatu nahi dugu, jada martxan dugun digitalizaziotik eta teknologia berriak erabiliz, ekonomia urdinaren ikuspuntutik. Azken kontu horrekin oso ilusionatuta gaude, eta iaz horri bultzada emateko oinarri sendoak jarri genituen. Azkenik, ardatz Atlantikoan garrantzitsu izan nahi dugu, eta hori lotuko dugu trenaren erabilerarekin.
Uste dugu portuak badituela bere mugak espaziori dagokionez, baina baditu indarguneak ere. Indarguneetako bat da duen lotura trenarekin. Hori, gainera, garraioa jasangarriagoa izateko garrantzitsua da, trenak eskaintzen duelako intermodalitatearen aukera: errepideetatik kamioiak ateratzea, produktuak tren bidez garraiatzeko. Beraz, trenarena apustu bikoitza da: batetik gure posizioa indartzeko ardatz Atlantikoan, mugaz gaindiko garraioa erraztuz; eta bestetik jasangarritasuna bultzatzea.
Kanpoko kaiaren egitasmoa aparte utzi zen. Baina Gaintxurizketako eremu logistiko intermodalaren egitasmoa hor dago. Nola dago egun gaia?
Aspaldiko proiektua da hori. Gipuzkoa, eta batez ere mugaren inguruan dagoen eremua oso dentsifikatua dago logistikaren ikuspuntutik, eta azpiegiturak behar dira. Garai batean proiektu hori kanpoko kaiarekin lotu zen, baina hori alboratuta, aukera garrantzitsu izaten jarraitzen du. Proiektu hori lantzeko bada protokolo bat sinatuta Espainiako Garraio Ministerioaren eta Jaurlaritzaren Garraio Sailaren artean, eta orduan, haien esku dago horretan aurrera urratsak egitea. Guri iruditzen zaigu, ikusita trenarekin zer nolako apustua egin nahi dugun, inportantea dela gune logistiko hori. Eta horren inguruan biltegiak egiteko aukera gehiago sorten badira, hori portuarentzat garrantzitsua izango da handitu ahal izateko.
EAJren arduradun politikoek egoki ikusten dute Pasaiako portuari Espainiako Gobernuaren «interes orokorreko» izendapena kentzea, portua hemendik kudeatzeko. Baina PSE-EEko kideak ez daude horrekin ados. Nola bizi duzue gatazka politiko hori portu barrutik?
Portuaren komunitatea oso anitza da. Gure papera da, agintaritza bezala, orekak bilatzea eta erraztasunak ematea bizikidetza bideak lortzeko. Eztabaida hori arlo horretatik landu dugu: atera diren informazioak konpartitu ditugu, landu ditugu, galderak sortu direnean tratatu ditugu… Egunerokotasunean gertatzen den bezala, gure artean ere posizio eta kezka ezberdinak azaldu dira.
Eta zer uste du Izakun Goñik zehazki gai honekin?
Portuaren komunitatean konfiantza handia dut. Edozer gauza geratzen dela ere, moldatuko gara, eta ongi gainera.
Zer nolako harremana du portuak inguruko herriekin?
Auzokideen antzerako harremana dugu. Maiz izaten naiz inguruko herrietako alkateekin. Esan bezala, auzokideak gara, eta elkar moldatu behar gara.
Elkarbizitzan sakonduz. Pasaiako Udalari arrazoia eman diote epaitegiek Ziriza Etxearen erabileragatik sortu zen auzi judizialean. Baina Trintxerpeko alkateordetzaren nahiz azokaren bide judiziala zabalik da oraindik. Nola konpon daiteke hori?
Historia bete osotasunean kontatu behar da dena ulertzeko. Portuak lur eremu handia okupatzen du. Une batean udal batek lur zati bat eskatzen duenean zerbait egiteko, portuak ematen dio, baina baldintza batzuekin. Baina bi administrazio publiko gaude tartean, denok zerbitzu publikoa ematen dugu, eta orduan zesioak edo lagapenak egiten direnean epe jakin batekoak dira. Epe horiek bukatzean, lur eremuak jabeari bueltatu behar zaizkio, jatorrizko egoerara bueltatu behar dute. Baina administrazio publiko batek beste bati nola esaten dio hori? Zaila da. Ez bada hasieratik kontratuen betetzearekin adostasuna agertzen, epaitegietara goaz.
Zirizaren kasuan epaitegien bidea bukatu da. Beste bietan adostua dago udalaren esku gelditzea lur eremu horiek, baina ordaindu behar zituen alokairu batzuk erregularizatu behar ditu.
Dena den, guretzat kezkagarria da ikustea guk handitzeko tokia behar dugula, eta guk lur eremuak berreskuratzeko itxaropenarekin uzten ditugu. Ikusten ari garena da horiek berreskuratzea oso zaila dela. Eta horrek kezka sortzen digu.
Lezoarrak kexatzen dira portuak batez ere kutsadura akustikoa eragiten diela. Badaude horri aurre egiteko neurri zuzentzaileak?
Bai, badaude. Horretan oso profesionalak gara, oso ondo antolatua dugun sistema bat dugu. Kexak jasotzeko sistema bat dugu, agintaritzan tratatzen dira, eta neurriak hartzen dira. Zaraten jatorria konpondu, eta agian beste bat sortzen da, eta berriz ere prozesua errepikatu behar da, baina horretan jada martxa hartua dugu, eta gure kudeaketa kalitatearen seinale da hori. Guk ere gure indikadoreak ditugu, eta esan dezaket azken aldian askoz kexa gutxiago daudela. Teknologiari esker gure asmoa da gero eta inpaktu gutxiago izatea gure jarduerak ondoko herrietan emisio guztietan, airekoak, uretakoak, zaratakoak…
Escalerillaseko etxebizitzetako auzia. Bost bizilagunekin akordioa lortu du portuak. Baina beste sei familia kale gorrian gera daitezke. Horren aurrean, bidea judiziala da bakarrik?
Oso pozik gaude lortu dugulako bertan bizi diren bost alargunei konpentsazio bat ematea, Jaurlaritzak ordainduko diena. Honetan ere historia bere osotasunean ulertu behar da: etxebizitza horiek portuko langileentzat ziren, mantenuko langile zirenentzat, portutik gertu bizi zitezen. Orduan egin zen kontratuan ageri zen langile horiek hiltzerakoan, haien alargunek mantenduko luketela han bizitzeko eskubidea. Hori da arrazoia haiekin akordioa lortzeko, Agintaritzak konpromiso hori zuelako haiekin. Baina gainontzekoak, bertan bizi direlako daude hor besterik gabe.
Azpiegiturak interes orokorreko proiektuak dira, eta nolabaiteko neurriak hartu behar dira, kasu honetan trena portura iritsi, eta errepideetatik urteko 6.000 kamioi ateratzeko.Aldundiak iragarri du 2027tik zerga konpentsazioa emango diela portuaren inguruan diren udalerriei.
Hori ez dut elkarbizitzarekin hainbeste lotzen. Udalek kontatu ziguten neurri hori aldundiari komentatu behar ziotela, eta badakigu foru ogasuna gai hori lantzen ari dela. Udalek kontatu zigutenaren arabera, planteatzen duten neurria da konpentsatzea haiek egiten dietela mesede lurraldeari portua hemen egoteagatik. Beraz, elkarrizketa eremua udalen eta aldundiaren artekoa da. Guk espero dugu gure lehiakortasunaren aurka ez joatea neurri hori.
Ukrainako gerra, Trumpen muga zergak… Nola bizi duzue hori?
Trumpekin bizi dugun guztia harrigarria da. Baina gure portua oso europarra denez, hau da, batez ere Europa barrukoa denez gure merkatua, Trumpen neurriek edo muga zergek ez dute gugan eragin handirik.
Ukrainako Gerraren harira, horrek batez ere zerealen mugimenduek izan zezaketen eragina. Gerraren hasieran bai zerbait nabaritu genuela, baina gero berriz ere Europa barneko zerealen merkatua egokitu eta egonkortu da, eta beraz, hortik ere ez dugu inpaktu handiegirik nabaritu.
Gipuzkoako ekonomian pisu handia du portuak. Hala izaten jarraituko al du?
Hala izatea nahi dugu, eta pozik gaude horregatik. Eta nahi duguna da inpaktu handiagoa izatea Gipuzkoako ekonomian, denentzat ona izango delako hori.
