XXXII. Kultur Astea, otsailaren 2tik 6ra
Pasaiako Udal Euskaltegiak Euskal Dantza tailerrak, film proiekzioak eta Santa Agedaren barruko jarduerak antolatu ditu.
Pasaiako Udal Euskaltegiak XXXII. Kultur Astea antolatu du otsailaren 2tik 6ra bitartean. Euskaltegiak pasaitar guztiei begirako hainbat ekitaldi antolatu ditu.
Otsailaren 2an Euskal Dantzen tailerra emango du Axuri Beltza elkarteko Nerea Videirak, 17:30ean. Horrez gain, otsailaren 5ean filmak proiektatuko dituzte eskolak ematen diren ordutegi guztietan: 07:00etan, 09:30ean, 15:00etan, 17:00etan eta 19:00etan.
Urtero bezala, otsailaren 4an Santa Agedako koplak kantatuko dituzte Trintxerpeko kaleetan barrena, 19:00etatik aurrera. Gudarien plazan elkartuko dira Udal Euskaltegiko eta Musika Eskolako kideak, eta haiekin batera aterako dira Beñat Iguaran eta Josi Ibarguen bertsolariak, ikasleak, txistulariak, trikitilariak, Illunbe abesbatzako kideak eta parte hartu nahi duten pasaitar guztiak. Barrutiko bazter guztiak musikaz blaitu ondoren, luntxa egingo da alkateordetzan.
Kultur Astea otsailaren 6an itxiko da, Gartziategi sagardotegian afaria eginez.
