Jarduera ekonomikoek sortutakoaren arabera ordainduko dute hondakinen tasa
Datozen asteetan azalduko dizkie udalak herriko jarduera ekonomiko guztiei sistemaren aldaketa eta aplikazio berriaren proposamena.
Pablo Iglesias kaleko edukiontziak Udalerri gutziek bermatu behar dute hondakinen kudeaketa ez dela defizitarioa, eta arian arian aurrera egin behar dute sortutako hondakinen araberako ordainketa sistema baterantz; proportzionalagoa, bidezkoagoa eta gardenagoa behar du izan sistema horrek. Bide horretan ari da lanean azken urteetan Errenteriako Udala, eta proposamen berritu bat txertatu du. Horren arabera, jarduera ekonomikoen, sailkapen zehatzagoa egiten du eta orain arte zeuden lau kategoriatetatik, 24ra pasa da bi faktore konbinatzen dituen kalkulu sistema bat aplikatuta.
Oinarrizko tarifa bat hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzuaren benetako kostutik abiatuta kalkulatua; eta jarduera bakoitzari lotutako hondakinen intentsitatea eta tipologia islatzen dituen sortutakoaren araberako faktorea.
Horren ondorioz, aurtengorako zenbatekoa 163,85 eurotik, 491,55 euro arterakoa izango da, eta sei hilean behin, jardueraren arabera, eta %20ko hobaria aplika daiteke aldez aurretik eskatuta San Marko Mankomunitateko hondakinak bereizteko programan aktiboki parte hartzen duten establezimenduetan.
Sistema aldaketa eta aplikazio berriaren proposamenaren berri datozen asteetan jakinaraziko zaizkiela udalerriko jarduera ekonomiko guztiei azaldu du udalak, establezimendu bakoitzak bere tarifa ezagutu dezan. Gainera, epea zabalduko duela jakinarazi du udalak, egon daitezkeen akatsak zuzendu, eta jarduerari buruzko datuak eguneratzeko.
Sistema definitzeko garaian IHOBE Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak sortutako gida izan du oinarri udalak, “Errenkoalderen iritzia eta kontrastea ere aintzat hartu dira”.
