Beldurrak erre dituzte Oiartzunen
Gau Beltzak jende andana elkarrarazi du Oiartzunen. Kalejira eta dantza egin dituzte, besteak beste, eta suzko zezenak ere egin du agerraldia.
Oiartzungo Gau Beltzeko irudi bat. Mendi Urruzuno Bermudez Asteburu edarra izan da Oiartzungoa. Magia nagusitu da herriko txoko guztietan, hasi Abaraxkatik eta auzoetako bazter guztietaraino. Ilundu zenean zuziak piztu, eta Done Eztebe plazatik abitu ziren dozenaka herritar Gau Beltzaren kalejira egiteko. Herria barna ibili, eta leku berean amaitu zen ibilaldia, baina ez, haatik, Gau Beltza, plazan bertan beldurrak erretzeko tartea izan baitzuten etxeko txikiek.
Oro har haurrei begirako jarduerak antolatzen dituzte Gau Beltzaren bueltan, baina Done Eztebe plazaren inguruan gazteak eta helduak ikusi ziren. Mendi Urruzuno Bermudezek iruditan bildu ditu Oiartzungo Gau Beltzak utzitakoak, eta hedabideari helarazi dizkio zenbait irudi.
