Pentsioak oinarrizko eskubide direla eta ez truke txanpon aldarrikatu du Duintasunak
Jesusen Bihotza zaharren egoitzako egoera salatu dute gaurko elkarretaratzean, pentsioen duinerako eta zaintza duinerako eskubidearen aldeko aldarriak uztartuta.
Pentsionen elkarretaratzean izan dira Jesusen Bihotza zaharren egoitzakoen senideak ere.Duintasuna Etenik gabe ari dira. Jakin badakite, borrokatzea dela bidea, eta horretarako agertokia kaleak eta plazak. Beste behin ere kalera atera dira Duintasunak deituta Oarsoaldeko pentsiodunak Errenteria-Oreretan. Pentsio duinen aldeko aldarria oinarrian, eta haren bueltan beste hamaika eskakizun, zahartzaro zein bizitza duinak bermatzea ahalbidetuko dutenak. Eskuz esku joan dira gaurko protesta horretan, aurreko hilabetean egin zuten moduan, Jesusen Bihotza zaharren egoitzako senideak eta pentsiodunak: bizitza duinak izateko, ezinbestekoa delako, zaintza ere duina izatea.
Jo mugan gaur, Espainiako Diputatuen Kongresua. Izan ere PP, Vox, Junts eta UPN alderdiek euren 176 botoekin indargabetu egin dute aurtengorako pentsioen igoera jasotzen duen abenduan onartutako Gobernuaren Errege Lege Dekretua. Horren arabera, horrelakoa zen errebalorizazioa: %2,7ko igoera pentsio orokorrentzat; %7 eta %11,4aren artekoa gutxieneko pentsioentzat; eta %11;4koa kotizazio gabekoetarako eta Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera jasotzen dutenentzat.
Urtarrileko pentsioetan igoera horiek ezarri badira ere, otsailetik aurrera ez dute eraginik izango ez delako berretsi ELD Errege Lege Dekretua, ez bada behintzat hori ahalbidetuko duen beste Errege Lege Dekreturik aurkeztu eta onartzen. Haserre daude pentsiodunak, urratsa atzera egitea dakarrelako “alderdi eskuindar eta ultraeskuindar” horien erabakia. Urtero KPIaren araberako pentsioen igoera ez dagoela bermatuta erakutsi du Duintasunak azaldu duenez Espainiako kongresuan gertatutakoak, eta argi esan du “alderdi batzuek horrela baliatzen badute ere, ez direla pentsioak truke txanpona, oinarrizko eskubide baizik” salatu du, eta oso larritzat jo du. Izan ere Errege Lege Dekretuak pentsioak KPIaren arabera handitzea ahalbidetzen bazuen ere, beste hainbat egoerari ere eragiten zion. Hala nola, bizileku alternatibarik gabeko etxegabetzeak debekatzea egoera zaurgarrian daudenentzat; oinarrizko hornigaien mozketa eragoztea egoera zaurgarrian bizi direnentzat—milaka pentsiodunei ere eragiten die horrek—; bonu sozial elektrikoaren deskontuaren luzapena oso errenta txikiak dituzten familientzat; bizitzeko gutxieneko diru sarreraren balioa handitzea; edo hondamendi naturalek eragindako (DANA, baso suteak…) pertsonentzako pizgarri eta laguntza fiskalak.
Errege Lege Dekretua indargabetuta, zerrendatutako horiek ere indargabetu dituzte aipatu alderdiek euren botoarekin. “Erasotzat” jo du Duintasunak, “penrtsona behartsu eta ahulenen bizi baldintzen kontrakoa”.
Erabakia salatzeko elkarretaratzeak egin zituen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak joan den ostegunean, Gasteiz, Bilbo, Iruñea eta Donostian PPren egoitzen aurrean, “elkarretaratze horiek 1.300 pentsiodun bildu zituzten nahiz eta presaz deitu genituen”. Abisua ere eman dute gaur elkarretaratutakoek, “pentsioen igoera ez badago bermatuta hilaren 20rako, berriro mobilizatuko gara. Oraingoan, gainera, Espainiako estatuko herri eta erkidegoetako pentsiodunen plataformekin batera egingo dugu”.
Mezu argia, gaurkoan ere: “Ez dugu atzerapauso bakar bat ere onartuko, ezta pentsioak murrizteko 2011 eta 2018an hartutako neurri politikorik ere”.
