Berandu baino lehen hasiko da herri guztia errafiazko poltsak erabiltzen
Hilaren 16a baino lehen auzo guztietako bizilagunek izango dituzte errafiazko poltsak. Informazio puntuak jarri ditu udalak zalantzak argitzeko.
Azaroan EAJ eta EH Bilduk etxeko eta industrialdeetako hondakinen kudeaketa eta birziklatze maila hobetzeko akordioa lortu eta batzorde propioa osatu zuten “hondakinen kudeaketa berraztertu eta hobekuntzarako pausoak zehazteko”. Azaldu dutenaren arabera, batzorde horren oinarrian zegoena zen “orain hamabost urtetik hona herrian jada martxan dagoen hondakinen bilketa sistema oinarri izanik, herritarren erosotasuna eta bilketaren eraginkortasuna hobetzeko egokiak eta errealistak diren neurriak” proposatzea.
Justuki, papera eta ontzi arinak errafiazko poltsa urdin eta horietan biltzea da neurrietako bat, eta, beste berrikuntzetako bat da etxeko olioa biltzeko sistema “eraginkorrago eta erosoago” bat ezartzea.
Auzo bakoitzean neurri horiek martxan noiz jartzea aurreikusten zuen egutegi bat egin zuen udalak, baina uste baino lehen amaituko dute lan horiekin, eta hilaren 16rako auzo guztietako bizilagunek izango dituzte errafiazko poltsak erabilgarri.
Ondorioz, Altzibar, Ugaldetxo, Ergoien, Karrika eta Gurutzeko herritarrek datozen egunetan jasoko dituzte zintzilikarioetan errafiazko poltsak, eta horien barruan izango dituzte poltsen erabilerarako xehetasunak.
Industria poligonoetako hondakinen bilketa, udalaren esku
Errafiazko poltsen erabilera eta etxeko olioa biltzeko sistema berria dira batzordeak proposatutako neurrietako batzuk, baina horietaz gain industria poligonoetako hondakinen bilketa zein kudeaketa udalak berreskuratu eta optimizatzea ere proposatu dute.
Orain arte San Marko mankomunitatearen bidez egin izan da hondakin horien bilketa, baina udalaren esku geratuko da orain kudeaketa hori. Gauzak horrela, udalak jakinarazi du hasiak direla “enpresen beharretara” egokitzen den bilketa zerbitzua diseinatzeko azterketa egiten, eta udazkenetik aurrera lan horiek bere gain hartzea aurreikusi duela.
Hondakinen %80ko birziklatze mailarekin, Oiartzun birziklatze maila altuenetakoa duten herrien artean dago, eta udalak baieztatu duenaren arabera “Europako legediak 2035erako aurreikusten dituen birziklatze mailak Oiartzunen 2010etik betetzen dira”.
Europako zuzentarauaren arabera 5.000 biztanletik gorako herriek hondakinen kudeaketan helburu bat baino gehiago lortu behar dituzte, eta bi dira horien artean garrantzitsuenak: 2035erako gutxienez hondakinen %65a birziklatu behar izatea, eta 2025erako hondakinen bilketa zerbitzua ezin dela defizitarioa izan erakunde publikoentzat. Oiartzungo Udalak bigarren xede horretan sakondu nahi du, besteak beste, “defizitaren karga guztia herritarren lepo ez uzteko”.
Errafiazko poltsen informazio puntuak
- Ergoien: hilak 9, Auzokalte. 17:30 – 18:30.
- Karrika: hilak 10, auzoko plaza. 17:30 – 18:30.
- Gurutze: hilak 11, frontoia. 17:30 – 18:30.
- Ugaldetxo: hilak 12, Kalexa plaza. 17:30 – 18:30.
- Altzibar: hilak 13, auzo lokala. 17:00 – 19:00.
