Larunbat gauean ordutegi zabalagoa izango du Xorrolak
Ihoteak direla eta, larunbat gaueko 22:00etatik 06:00etara bitartean orduero emango du zerbitzua Xorrolak. Herriko zortzi auzoetatik pasako da autobusa.
Ostiralean hasiko dira Ihoteak Oiartzunen, eta jai giroan murgilduko da herria igande iluntzera arte. Jende andana erakartzen dute Ihoteek, batez ere Doneztebe plazan, eta mugikortasuna errazteko zenbait neurri hartu ditu udalak.
Gauzak horrela, larunbat gauean Xorrolak zerbitzu berezia eskainiko du, Xorrola autobusak herriko zortzi auzoak lotuko baititu orduero, 22:00etatik 06:00etara. Ibilbidea Manuel Lekuona bibliotekaren ondoko autobus geltokitik hasiko dute, eta Xanisteban gauetan egiten duen ohiko bidea egingo du. Honakoa da ibilbidea:
- Elizalde (irteera): bibliotekaren ondoko geltokia
- Gurutzea: Bitzardia plazako autobus geltokia
- Ergoien: Tornola kaleko autobus geltokia
- Altzibar: Zokoloko zubia
- Karrika: plazako autobus geltokia
- Iturriotz: Bekosoro pareko autobus geltokia
- Ibarre: gasolindegiko geltokia
- Elizalde: Pikabeneko geltokia
- Ugaldetxo: Intxixu pareko autobus geltokia
- Arragua: Lartzabal etxadiko geltokia
- Mendin: frontoi gaineko geltokia
Jakina da ehunka lagun elkartuko direla herrian datozen egunetan, eta udalak gomendatu, ahal den neurrian, behintzat, garraio publikoa edota oinez joatea lehenestea.
Alabaina, autoa erabili behar dutenentzat ohiko aparkalekuez gain Elizalde eskolako eremua ere zabalduko dute ostiral arratsaldeko igande gauera. Ondorioz, udalak eskatu du ibilgailuak espaloi eta errepide bazterretan ez uzteko.
