Ekitaldia, bazkari beganoa eta bakarrizketa Oiartzungo Martxoaren 8an
Emakumeen Nazioarteko Eguna igandean izanik, zenbait jarduera antolatu dituzte egun horretarako. Bazkariko txartelak Garmendi Txokolategian daude.
2025eko martxoaren 8an egin zuten elkarretaratzeko irudi bat.Imanol Saiz Gomez de Segura Hilabete baino gutxiago geratzen da Martxoaren 8rako, eta Oiartzungo Feministen Asanbladak Emakumeen Nazioarteko Egunerako antolatu duen egitaraua argitaratu du berriki.
Igandea da aurten egun seinalatu hori, eta, beraz, egun osoko egitaraua ondu dute. Zehazki, egunari hasiera 12:00etan emango diote Doneztebe plazatik abiatuko den manifestazio eta ekitaldiarekin. Eguerdiko ordu bietan, berriz, bazkaltzeko elkartuko dira Girizia Elkartean, bazkari beganoa egingo baitute. Otorduko txartelak Garmendi Txokolategian daude salgai, eta haur zein langabetuenak 12 euro balio ditu; txartel arruntaren prezioa, berriz, 15 eurokoa da.
Azkenik, Girizan bertan Beatriz Egizabalek Gregoria bakarrizketa egingo du bazkalostean. Saio horretan Feminista jaio ala egin egiten da? galderari erantzun nahian, Egizabalen bizitzan feminismoak izan duen eragina aztertuko du, eta horretarako zenbait pasadizoren ikerketa egingo du betiere ikuspuntu umoretsu batetik.
