010 eta 092 zenbakiak aktibatu dituzte arreta zerbitzua indartzeko
010 udal informazioa jaso eta galdera praktikoak egiteko da; 092a, berriz, udaltzaingora deitzeko. Oiartzunen egonda soilik dei daiteke horietara.
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenaren arabera, 010 eta 092 telefono zenbakiak aktibatu dituzte herritarrek udalarekin harreman zuzena izateko. “Herritarrei udalarekin harremanetan jartzeko aukera zuzen, eroso eta zabala emateko bidean, pauso bat gehiago dira”, diote. Zenbaki horiek, hurrenez hurren, Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoarekin eta udaltzaingoarekin zuzenean harremanetan jartzeko zenbakiak dira.
Bide horretan, udalak zehaztu du gogoan hartzeko errazak diren telefono zenbakien bitartez “herrian zauden tokian zaudela, kontsultak egiteko eta zalantzak argitzeko aukera eskaintzean” datzala zerbitzuak.
010 zenbakiaren bitartez udal informazioa jaso eta galdera praktikoak argi daitezke, betiere astelehenetik ostiralera, 08:00etik 14:30era. 092 zenbakira deituta, udaltzaingoarekin kudeatu beharreko afera, jazoera eta larriak bidera daitezke egunero.
Herri barrutik deitzeko soilik
010 eta 092 zenbakiek soilik Oiartzundik deitzeko balio dute, herritik kanpo deitzeko 943 49 01 42 (HAZ) eta 943 49 33 11 (udaltzaingoa) zenbakiak baliatu behar baitira. 010 eta 092 zenbakietara egindako deiak doakoak dira herritarrentzat.
Garazi Urdanpilleta, alkateordea: “Azken bizpahiru urteetan udaletik ahalegin berezia egin dugu barne funtzionamendua berritzen, herritarrei zerbitzu bateratuagoa, eta beraz, eraginkorragoa eskaini ahal izateko. Orain urte erdia ireki genuen HAZ bulegoa da horren adibide garbia, eta horren atzetik eta hura indartzera datoz 010 eta 092 zenbakiak Oiartzunera”.
