Babes figurak ondokoa laguntzeko
Familiak Eskuz Esku Home Star Gipuzkoa programak lankidetza hitzarmena sinatu du Errenteriako Udalarekin; behar batzuk dituzten pertsonentzat babes figurak bilatzean datza elkarlanak.
Kristina Suarez Martinez, Maialen Gomez Manterola eta Maite Aseginolaza Baztarrika. Imanol Saiz Gomez de Segura Gizarte bakarti batean omen gara bizi. Sakelako telefonoak herritarren besoen luzapen direla diote askok, eta lurrera begira joaten omen gara kaletik. Ia-ia aurrera ere ez omen dugu begiratzen mugikorreko bideo azkar horietako segundo magistralen bat galduko dugunaren beldur. Zer esanik ez albokoekin; ondokoari begiratzea gero eta gehiago kostatzen omen zaigula diote askok. Zergatik ote den hori? Batek daki. Baina bada oraindik mundu hobeago batean sinesten duenik eta horretarako lan egiten duenik. Baketik erakundea da horren adibide.
Gizarte zibileko erakunde bat da Baketik, irabazi asmorik gabekoa, eta gizarteko hamaika erpin lantzen ditu: elkarbizitza, gizarte ekintza, gatazken bideraketa… Eraldaketa soziala bilatzen du instituzio horrek, eta aldaketarako konpromisotik abiatuta gatazken konponbidea bilatzen du.
Entitatea osatzen dutenak zenbait taldetan daude banatuta arlo ezberdinak lantzeko, eta horietako batzuk, hurrenez hurren, bakea eta bizikidetza; Euskal Herriko memoria historikoa eta gertuko memoria; edota gatazken eraldaketa dira. Hori gutxi balitz, artearen bidez ere lan asko egiten dutela azaleratu dute, giza eskubideak oinarri hartuta betiere.
Maialen Gomez Manterola, Kristina Suarez Martinez eta Maite Aseginolaza Baztarrika Baketik familiako hiru kide dira, eta Gizarte Ekintza eta Mentoretza arloaz arduratzen dira. Aipatu moduan, gizartea eraldatzeko egiten dute lan, eta horretarako erabiltzen duten erreminta mentoretza soziala da. Zehatzagoak izate aldera, arlo horretan bi programa dituzte, eta horietan zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboei bidelagun izateko mentore sozialak edota boluntarioak eskaintzen dituzte. “Helburua da zaurgarritasun egoeran dagoen pertsona hori ahalduntzea eta bere bizitza apur bat bada ere erraztea”, azaldu du Aseginolazak.
Ibilbide luzea duen Izeba proiektuarekin egiten du lan erakundeak, eta bertan tutoretzapeko haur zein nerabeekin egiten dute lan. Bada, programa horretatik abiatuta, “nahiko organikoki”, emakumeak konturatu ziren haur asko babes sistematik ateratzen direla, eta beraz, arlo horretan badagoela beste behar primarioago eta prebentiboago bat. “Ikusten genuen gizartean kili-kolo dauden familiak daudela, mota bateko edo besteko zailtasunak dituztenak aurrera egiteko, eta horiei babes figura bat eskaintzea pentsatu genuen”, jarraitu du Aseginolazak.
Bide horretan, honakoa nabarmendu nahi izan du: “Hau ez da profesionala, boluntarioak gara, eta ez gatoz inor epaitzera ezta esatera ere norbanako bakoitza gauzak ondo edo gaizki egiten ari den. Gure lana behar duenaren ondoan egotea da, ulertzea zer bizitzen ari den. Batzuk entzutea behar dute, beste batzuk ‘ni ere hortik pasa naiz eta badakit zer den’ entzutea baino ez dute behar. Finean, helduleku bat izatea da helburua”.
Familiak Eskuz Esku Home Start Gipuzkoa du izena ondokoa laguntzea helburu duen proiektuak, eta Baketik-ek zubi lanak egingo dituzten lagun edota bidelagunak bilatzea eskaintzen du.
Behar handiagoak dituzten kolektiboekin egiten dute lan. Gizartean hutsune bat zegoela ikusi zuten, eta, aldi berean, azaldu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ikusi zuela gizartean behar bat zegoela, eta horri egitura edota irtenbide bat eman behar zitzaiola. Horri tiraka sortu zen Familiak Eskuz Esku Home Start Gipuzkoa, duela pare bat urte.

Suarez, Aseginolaza eta Gomez, Tolosako bulegoan.Imanol Saiz Gomez de Segura
Alabaina, zubi lanak egiteko bestelako talde edota erakundeekin ere egiten dute lan, eta horren adibide da Errenteriako Udala. 2025ean lankidetza akordioa sinatu zuten Baketik-ek eta Errenteriako Udalak, “udaletik identifikatzen ziren behar horiei erantzuteko”.
Behin akordioa sinatuta, Errenteriako Udaletik zenbait behar dituzten familiak identifikatu dituzte, eta, orain, Baketik, familia horiek laguntzeko boluntario bila ari da. “Udalak behar bat ikusi du, eta gu prest gaude behar hori asetzeko”, gehitu dute. Programa hori, hurrenez hurren, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Fundación la Caixak eta Errenteriako Udalak babesten dute.
Gomez, Suarez eta Aseginolaza dira Familiak Eskuz Esku Home Start Gipuzkoa programarekin lanean ari direnak, eta lanak banatuta izan eta oraindik hazten ari direnez, era batera edo bestera antolatzen dira. Aseginolaza, esaterako, kanpainaz arduratu da, zabalkunde lan hori egiteaz, alegia; Gomez eta Suarez, berriz, familiak ezagutzen eta zein behar dituzten identifikatzen ari dira. Azken biek beharrak identifikatzen dituztenean, boluntarioak hautatu eta bakoitzari egokitzen zaionaren arabera prestatzen eta akonpainatzen dituzte enkajea ondo egiteko. Izan ere, Suarezek zehaztu du familia bakoitzari ondo erantzungo dion pertsona boluntario bat bilatzen dutela.
Boluntario rola, bada, ia edonork har dezake, ez baitira betekizun asko behar programan izena eman eta laguntzeko. Adinez nagusi izatea eta haur txikien hazkuntzan nolabaiteko esperientzia izatea da eskatzen dutena, izan ama edo aita izan direlako; profesioagatik edota ibilbide bitalagatik haur txikien hazkuntzan parte hartu izan dutelako; irakasle direlako; gertutik iloba bat hazi dutelako… “Ez da zertan guraso izan behar, baina bai behintzat klabe batzuk gertutik bizi izandakoa izatea eskatzen dugu”, borobildu du Aseginolazak.
Suarezek zehaztu du batez ere ikusmira haur txikietan jartzen dutela “etapa kritikoa delako eta behar asko dituztelako”. Are, azaldu du haurren oinarriak “ahalik eta osasuntsuen” eraiki behar direla gurasoekin zein ama edota aitarekin, eta horrexegatik dela etapa hori “horren garrantzitsua”, horrek markatzen duelako etorkizuneko harremanak nolakoak izango diren. Beraz, horregatik dago zuzenduta programa hori bost eta zortzi urte arteko haurrak dituzten familientzat, oinarriak eraikitzeko modu ahalik eta egokienak bilatu nahi dituztelako “gero familiak berak bere bidea eta aurrera egiteko modu autonomoa bilatu ditzan”.
Programan izena ematen duten boluntarioek sei, bederatzi edota hamabi hilabeteko konpromisoa hartzen dute gehienez ere, bide laguntza horrek ez baitauka ibilbide luzeagorik baldin eta onuradunak eta boluntarioak harremana estutzen jarraitu nahi badute. “Bagatoz, gerturatzen gara, bidelagun gara, zure beharrak ezagutzen ditugu, ahalduntzen saiatzen gara, eta gero pixkanaka berriz distantzia jartzen dugu”, gaineratu du Aseginolazak. Harremanek modu naturalean jarrai dezakete, baina dependentziarik ez sortzea ere zaintzen dute Baketik-ek.
Onuradun bati boluntario bat esleitzen zaionean, formazioa eta jarraipen teknikoa egiten dituzte, eta saio horietan aztertzen eta markatzen dituzte zein diren lortu nahi diren helburuak, baita harremana nora doan ere; “Hasieran helburu oso orokorrak markatzen dira, batez ere zein arlotan eragin nahi den zehazteko”. Alegia, helburuak betetzeko ez dute epe finkorik hartzen, ez baitituzte helburu neurgarriak ezartzen, baina landu beharreko arloak espezifikatzen dituzte. “Esaterako, izan daiteke onuradunak emozionalki baxu egotea eta sostengua behar izatea, edota haurren osasun fisiko zein mentalarekin laguntza behar izatea; edo izan daiteke ere eguneroko dinamika egituratzen laguntza behar duen norbait. Arlo ezberdinak izan daitezke, eta harremana horretara bideratzen da”, gehitu du Aseginolazak.
Suarezek bide beretik jarraitu du, eta erantsi formazioa ere horra bideratzen dela. “Pauta orokor batzuk ematen ditugu gero bakoitzari egokitzen zaion rolean ondo akonpainatzeko familiari”.
Behar puntualetako laguntza
Familiek, Eskuz Esku Home Start Gipuzkoatik egitasmorako astean tartetxo bat bilatzea proposatzen dute, arratsalde batean geratzea edota ordu pare baterako elkartzea, “konpromisoa hortik abiatzen da”. Izan ere, argi daukate harremana ez litzatekeela eguneroko zerbait izan behar, sostengua ematera mugatu behar baita soilik. “Behar puntualetan laguntzea proposatzen dugu. Beraiek bilatu behar dituzte euren erritmo eta moduak, baina planteamendu orokorra astean behin egotea da”, jarraitu du Suarezek.
Hain justu, argi utzi nahi izan dute hau ez dela egunerokoan laguntza ematen duen programa bat. “Hau ez da behar materialak asetzeko laguntza; boluntarioa ez dator haurra zaintzera edo etxea garbitzera, une jakin batzuetan bidelagun izatera dator”, azaldu du Aseginolazak.
Gizartea historikoki beste era batera antolatuta egon dela azaldu dute: “Familiak pisu handia izan du, eta horrelako programek mundu anglosaxoian tradizioa duten arren, gurean ez horrenbeste”. Ildo horretatik, gehitu dute “lehen” elizatik bideratzen zirela gisa horretako zerbitzuak, eta, orain, erakundeetatik, “hau beste zerbait da”. Hiru emakumeek bat egin, eta gaineratu dute gizartea eraldatzen ari den honetan eskaintzen diren zerbitzuak ere aldatzen doazela, eta, beraz, eurak eskaintzen dutena modu egokia iruditzen zaiela “gaur egun Gipuzkoan dauzkagun beharrei erantzuteko”. Finean, esperientzia duen hirugarren pertsona batek, hasten ari den familia bati bere esperientzia partekatzean datza proiektuak. Aseginolaza: “Hori jende askok gogotsu egingo duen zerbait da, eta, noski, boluntarioari ere ematen dio zerbait bueltan. Beste errealitate bat ezagutzen dute, eta baita familia bizitzeko beste modu bat ere. Gizarteko beharrei erantzuteko modu bat da, eta uste dut jendea horregatik animatzen dela parte hartzera”.
Boluntario bila Oarsoaldean
Baketik, orain, Oarsoaldean ari da kanpaina egiten. Tokian tokiko gizarte zerbitzuekin harremanetan dihardute, baina programaren lehen etapa Gipuzkoako Foru Aldundiarekin landu dute, eta, hortaz, horiek ere ari dira familia batzuk bideratzen. Iritsi zaizkie, beraz, programan parte hartuko duten pertsona batzuk, baina jakitun dira “tantaka” iristen direla. “Gure esperientzia ikusita, programa hauek ereiten doaz. Jendeak honen berri izan behar du animatzeko, eta programa bera normalizatzen eta familiarizatzen doan heinean sarea sortu eta jendea animatzen hasiko da. Berdin boluntarioen figurarekin ere”, dio Suarezek.
“Askotan programaren izena eta egitekoa bizpahiru urtez entzutea behar izaten da finkatu dadin, eta jendeak aurrera pausua eman dezan”, zehaztu du Aseginolazak.
Boluntarioak bilatzeko garaian, azaldu dute ez dela derrigorrezkoa gertukoa izatea. Esaterako, Oarsoaldeko familia bat laguntzeko ez du zertan boluntarioak eskualdekoa izan, baina nolabaiteko gertutasun bat bilatzen saiatzen dira harremanari gero modu naturalean eutsi ahal izateko.
“Errenteriako familia bati esleitzen baldin badiot Arrasateko boluntario bat, asteroko dinamikari eustea zaila izango da. Hala ere, gerta daiteke boluntarioren batek esatea ez duela bera bizi den herrikoa den norbait lagundu nahi, eta ez dago arazorik. Moldatzen gara”, dio Aseginolazak. “Konpromiso horri heltzeko prest baldin bazaude, ez dago arazorik, baina egia da ingurukoa izatea askoz hobe dela. Gainera, gertukoak izanik programa amaitzen denean errazago ikusiko da harremana nola eta zertan geratzen den”, erantsi du Suarezek.
Era berean, jakitun dira gertukoak izateak ere balio duela onuradunari bertako zerbitzuen berri emateko. “Ni bertakoa baldin banaiz badakit herri horretan zein baliabide dauden, lekuek zein ordutegi dituzten, asteburuetan zer egin daitekeen haurrak beste haur batzuekin egon daitezen, eta gurasoek ere modu natural batean bere behar berdinetan dauden beste guraso batzuekin elkar daitezen… Satelite bat bezala badator norbait kanpotik, laguntza eman diezaioke onuradunari, baina saretze hori bermatzea zailagoa da”.
Orain arte egindako bidean profil ezberdinetako jendea apuntatu da boluntario modura aritzeko: gazteak, helduak, neskak, mutilak, irakasle edo monitore bezala esperientzia dutenak, seme-alaba helduak dituztenak, eta baita jubilatuak ere. “Figura ezberdinak daude, baina egia da emakume askoz gehiago daudela parte hartzen. Momentu bital ezberdinetan dagoen jendea da izena ematen duena, uste duena nolabaiteko ekarpena egin dezakeela”, jarraitu du Suarezek.
Hori horrela, Gomezek naturaltasuna jarri du erdigunean: “Uste dut gure gizartean modu naturalean eman den bide laguntza bat dela, izan familia zabalaren bitartez edo izan eskolako haurren gurasoekin ematen den hartu-eman horretan. Baina modu naturalean ematen da sare bat izanez gero, eta hor dago hutsunea. Sarea ez daukaten familiek hor ez daukate inolako bide laguntzarik, eta hor eragin nahi dugu”.
Familiak Eskuz Esku Home Start Gipuzkoa proiektuan ekarpena egiteko bide bakarra ez da boluntario bezala parte hartzea, gaiaren inguruan hitz egiteak eta inguruko jendeari horren berri emateak era asko lagun baitezake.
Alabaina, gaiaren inguruko informazio gehiago nahi duenak edota izena eman nahi duenak, sare sozialen bidez, info@baketik.org posta elektronikora idatzita, edo 943 25 10 05ra deituta egin dezake kudeaketa eta inskripzioa.
Egitasmoa gidatzen dutenek argi utzi nahi izan dute momenturen batean boluntarioak gainezka egiten badu prozesua uzteko aukera dagoela. “Talde profesional bat dago atzetik eta ahal den neurrian laguntzen da, eta ez dago katerik”. Gainera, inor ez da kanpoan geratzen.
