Tokiko moneta osagarria asteazkenean aurkeztuko dute
Euskoaren berri emateko ekitaldia eskualde mailakoa izango da. Errenteria-Oreretako Lekuona Fabrikan izango da, 18:00etan.
Hilabete askoko sukaldeko lanaren ondoren, iritsi da unea. Tokiko moneta osagarria, euskoa izenekoa, izango du Oarsoaldeak. Labean mantso kozinatutako egitasmoa zer den azaltzeko Oarsoaldeko aurkezpena egingo dute hilaren 25ean (asteazkena) 18:00etan Errenteria-Oreretako Lekuona Fabrikan. Oarsoaldekoa egitasmo pilotua izango da, Gipuzkoako lehena; eskualdearekin batera, Nafarroako Baztanek ere egingo du jauzia tokiko moneta sozialera. Errenteriako orokorraren aurretik, tokian tokiko aurkezpenak egin dira bai Pasaiako lau barrutietan, Lezon eta Errenteria-Oreretan. Euskoak hamahiru urte daramatza zirkulazioan Ipar Euskal Herrian.
Lezoko aurkezpenean izan zen HITZA, 2025eko irailean. Han esan zutenez, eusko batek euro baten balioa du. Euroaren moneta osagarria litzateke. Monetak, ordea, hainbat balio barnebiltzen ditu: tokiko ekonomia eta harreman sozialak indartzeko tresna da, eta bide eta aukera berriak zabal ditzake arlo ekonomiko eta sozialean. Gainera, monetarekin sor daitekeen aberastasuna tokian-tokian geldituko da, euskoaren erabilera eremuan alegia.
Baina balio ekonomiko eta sozialak harago doaz, Lezon egitasmoaren sustatzaileek azaldu zutenez: euskararen erabilera bultzatzea bilatzen du, egitasmoarekin bat egiten dutenei hainbat konpromiso eskatuz; ingurumenaren zaintzarako tresna da, euskoarekin egingo diren ariketa ekonomikoak bertatik bertarakoak izango direlako, betiere tokiko kontsumo jasangarriaren bidetik; eta zaintzaren esparrua ere barnebiltzen du. Horrek guztiak bertako enpleguan eragin baikorra izango duela adierazi zuten, baita justizia eta kohesio sozialean ere.
Oarsoaldeari dagokionez, eskualdeko lau udalek egitasmoarekin bat egin dutela aipatu zuten Lezoko aurkezpenean, baita Oarsoaldea Garapen Agentziak ere. Gainera, herriz herrikako merkatarien elkarteekin ere bildu dira informazioa eman eta engaiamendu bila. Euskal sindikatuak ere atxiki dira euskora, baita beste hainbat eragile ere, tartean delarik Olatukoop sarea. Udalbiltzaren oniritzia ere badu egitasmoak, baita Bilgune Feminista edo Duintasuna erretiratuen elkartearena ere, besteak beste.
Hamahiru urte bete dira urtarrilaren 31n euskoa Ipar Euskal Herriko tokiko moneta osagarri gisa erabiltzen hasi zirela. Euskal Moneta Elkarteak sortua, Ipar Euskal Herri osoan erabiltzen da –Euskal Hirigune Elkargoaren 158 udalerrietan–, eta ibilbidean lortu dituen emaitzak agerian utzi dute zituen helburuak sobera bete dituela. Horrela erakusten dute datuek: 1.300 erabiltzaile profesional eta 4.000 erabiltzaile partikular ditu, eta 38 herriko etxe eta Euskal Elkargoa ere euskoaren bazkide dira. Horien guztien artean 4,3 milioi eusko dituzte zirkulazioan.
Asteazkeneko aurkezpenean, askoz xehetasun gehiago emango dituzte. Jarraian den bideoan, asteazkeneko Lekuonako aurkezpenera joateko gonbita.
