Donibaneko saneamenduaren berri emango du udalak
Bilera irekia martxoaren 3an izango da, 18:30ean, Donibaneko kulturgunean. Aintzane Tabernak eta Iraitz Pazosek proiektuaren informazio eguneratua partekatuko dute sanjuandarrekin.
Pasaiako Udalak Donibaneko saneamenduaren proiektuaren berri emateko bilera ireki bat antolatu du. Bilkura martxoaren 3an izango da, 18:30ean, Donibaneko kulturgunean. Bertan Aintzane Taberna Donibaneko alkateordea eta Iraitz Pazos Ingurumen eta Zerbitzuetako zinegotzia izango dira, eta proiektuaren informazio eguneratua partekatuko dute sanjuandarrekin:
- 2023tik hona proiektuak izandako bilakaeraren azalpena.
- Proiektuaren ezaugarri nagusiak eta momentu honetan ezagutzen diren xehetasunak.
- Epeak, aurreikuspenak eta hurrengo urratsak.
- Herritarren galdera eta kezkak erantzungo dira.
Saneamendu proiektuaren lehen faseak kale eta bizilagun zehatz batzuei eragingo diela jakinarazi du udalak: Juan XXIII kalekoei, Bizkaia plazakoei eta Donibane kalearen hasierakoei. Hori dela eta, gune horietan bizi diren sanjuandarrei helarazi zaie gonbidapena bereziki, nahiz eta herritar orori begirako saioa izan.
