Gehiengoaren aldeko botoekin, aurrera jarraituko du udalaren proposamenak
Urmendi haur eskolaren afera izan zen hizketagai atzoko plenoan, eta etorkizuneko aukeren proposamena onartu zuten gehiengoaren aldeko bozkekin.
Eusko Jaurlaritzak udal haur eskolei aurrerantzean diru laguntzarik ez diela emango jakinarazi du berriki, eta albisteak hautsak harrotu ditu Euskal Herriko zenbait txokotan. Oiartzun da horren adibide, Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoari zuzen-zuzenean eragiten baitio Jaurlaritzaren neurri berri horrek. Herritarrak, baina, ez daude prest duela 27 urte ereindako proiektua eraldatu edota galtzeko, eta, mobilizatzeari heldu diote.
Bide horretan, egun erabakigarria izan zen atzokoa Oiartzunen; izan ere, Urmendi beti herri. 0-3 bizirik! herri plataforma aurkeztu zuten dozenaka herritarrek Doneztebe plazan. Baina, hori gutxi ez, eta otsaileko udalbatzarreko gai nagusietako bat izan zen Urmendi haur eskolarena.
Arratsaldeko bostetan ziren egitekoak herri plataformaren aurkezpena, eta ordua iristerako dozenaka herritar zeuden plazan, mahaiaren bueltan. Adin guztietako bizilagunak elkartu ziren atzokoan, eta helburu bera zuten den-denek: Urmendi haur eskola babestea eta Jaurlaritzak hartu duen erabakia arbuiatzea.
“Larria da Urmendiko hezkuntza komunitatea osatzen dugun herritarron ikuspegitik Eusko Jaurlaritzaren jokaldi politiko hau, ez baitie aurrerantzean udal haur eskolei diru ekarpenik egingo. Honen bidez, udal haur eskolak Eusko Jaurlaritzaren Haurreskolak Partzuergoa sarera bultzatu nahi dira, 0-2 etapan soilik, eta honek, Oiartzunen, 0-3 proiektu integrala haustea ekarriko luke. Guzti honen aurrean, herri proiektuari gure babes osoa adierazi nahi diogu eta ozen esan nahi dugu Urmendi herriarena dela eta ez dugula inposaketarik ez eta oztopo burokratikorik onartuko!”. Horrela eman zioten hasiera herri plataformako kideek agerraldiari.
Urmendi Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoaren hastapenak izan zituzten hizpide gero, eta goraipatu zuten lehen haurtzaroaren ezaugarriak eta garrantzia jendarteratzen “lan nekaezina” egin duela Urmendik bere ibilbidean. Era berean, nabarmendu zuten haur eskola horrek “elkarbizitzaren eta ongizate sozialaren alde izugarrizko ekarpena” egiten duela herrian, “pertsonak eta zaintza haien logika eta jardunaren erdigunean jartzea egiazki lortuz”.
Alabaina, azaldu zuten Urmendi 0-3 haur eskola herritarra “proiektu lokala” dela, eta urteen poderioz “tokiko ezaugarri eta beharrei erantzunez proiektu pedagogiko ezin eder eta eredugarriagoa” eraiki duela “mimoz eta jakintza handiz”.
Ildo horretatik jarraituz, herri plataformatik nabarmendu zuten herri eskolak izan duen garapenak “eredugarri” izan behar lukeela Eusko Jaurlaritzarentzat, eta aztertu beharko luketela zergatik den “hain arrakastatsua proiektua beste herri eta txoko batzuetara zabaldu ahal izateko eta hezkuntza esparrua aberasteko”. Hargatik, garbi dute herritarrek zein aldetan dauden: “Ez dugu ulertzen alde bakarrez eta inposaketaren bidez udal haur eskolari diru laguntzarik ez emateko erabakia hartu izana, horrek halako harribitxia haustea dakarrelako, zentralizaziora eta homogeneizaziora bultzatuz eta etorkizuna arriskuan jarriz”.
Azkenik, zioten Urmendi 0-3 proiektuari ibilbide oparoa opa diotela, eta espero dutela Hezkuntza Saileko arduradunek bestelako elkarrizketa eta adostasun bat bideratzeko maila politikoa erakutsiko dutela.
Urmendi 0-3 proiektua, plenoan ere eztabaidagai
Herri plataformak aurkezpena egin eta babes argazkia atera ondotik, udaletxera hurbildu ziren plazan bilduta zeuden hamarna lagun. Atzo arratsaldeko seietan zen otsaileko udal osoko bilkura, eta Urmendiren gaia zerrendako hirugarren puntua izango zela jakinik, pleno aretoa bete zuten herritarrek.
Jakina denez, Eusko Jaurlaritzak bere Haurreskolak Partzuergoan sartzeko egindako eskaintza eta udalak horren gainean egindako herri proposamena landu zituzten atzokoan; alegia, proposatu zuten Haurreskolak Partzuergoa izatea Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoan sartuko dena.
2024ko azaroan Hezkuntza Sailak ahoz jakinarazi zuen udal haur eskolei egiten dien ekarpena bertan behera utziko zuela, eta udal haur eskolei Hezkuntza Sailaren Haurreskolak Partzuergoan sartzeko gonbidapena luzatu zien. “Zerbitzuak udal aurrekontuan duen eragina ikusirik, Oiartzungo Udalak ondorioztatzen du Hezkuntza Sailaren babesik gabe ezinezkoa zaiola duela 30 urte sortutako Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoaren egiturari bere horretan eustea”, hasi zen Joana Mendiburu Oiartzungo alkatea.
Egoera horretan, udalak Hezkuntza Sailari proposatu dio 2026-2027 ikasturtean Haurreskola Partzuergoa izatea Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoan sartzea honako arrazoi hauetan oinarrituta:
- Oinarri Juridikoa: Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoaren estatutuen lehen artikuluak beste erakunde edo entitate bat OIUP-en sartzeko aukera jasotzen du.
- Oinarri laborala: Gaur egun OIUP-ek hamabost langile ditu lan kontratu finkoarekin [sukaldeko langileak kontuan hartu gabe], eta Haurreskolak Partzuergoa OIP-en sartuta langileria berarekin jarraitzeko aukera egongo litzateke. Hezkuntza Sailak OIUP Haurreskolen Partzuergoan sartzeko egindako proposamenean, 10-11 langileren subrogazioa aipatzen zen. Kontuan hartu behar da OIUP-ek enpresa hitzarmen propioa duela, eta hitzarmen horrek arautzen dituen lan baldintzak ez datozela bat Haurreskolak Partzuergoan aplikatzen direnekin, zeinak Haurreskolak Partzuergoaren hitzarmen kolektiboan jasota baitaude.
- Oinarri soziala: OIUP 1999an sortutako Partzuergoa da, ordutik hona, herriko familiei 0-3 urte arteko hezkuntza proiektu bateratua eskaini dien erakundea. Ondorengo bereizgarriek ezaugarritzen dute:
- Aitzindaria da. Erakunde publiko eta eragileen arteko elkarlana orain 30 urte hasi zen Oiartzunen. Izan ere, herriko haur eskola txiki pribatuek, Haurtzaro Ikastolak eta Oiartzungo Udalak Udal Ikastola Partzuergoa sortu zuten 1999an.
- Egitura irekikoa. OIUP-en estatutuetan jasota dagoenez, sorreratik aukera dago zabalik hala nahi duen entitate edo eragileak OIUP-era batzeko.
- Erreferentea da herrian. 0-2 urte arteko Oiartzungo hezkuntza proiektu bakarra eta batua da, edozein dela ere 2 edo 3 urtetik aurrera haurra matrikulatzeko gurasoek aukeratutako ikastetxea. OIUP 0-2 urte arteko hezkuntza proiektu bakarra da. Bateratua eta erreferentea herrian.
- Hezkuntza proiektu sendoa. Pedagogoek goresten duten 0-3 zikloan jardun du 30 urtez OIUP-ek, eta Oiartzunen harrera ona izan du. Erreferentea izan da EAEn, eta baita EAEtik kanpo ere.
- Euskara ardatz. Euskaraz bizi da. Kulturartekotasuna zaintzen du; euskalkia eta herriko ohiturak jardun pedagogikoan integratzen ditu.
- Zaintzarako funtsezkoa da. Funtsezko zerbitzua da zaintzaren ikuspegitik. Zentro pedagogiko bat den arren, ez da gutxietsi behar 0-3 urte arteko haurren zaintzan egiten duen ekarpena.
- Jangela propioa. Kilometro 0 produktuekin ekoitzitako kalitatezko otorduak eskaintzen ditu bertako sukaldeari eta sukaldarien eguneroko lanari esker.
- Profesionala eta eraldatzailea.
- Errotua. OIUP herriaren parte da. Ibilbide luzea du egina. Zilegitasun eta onarpen osoa ditu.
- Tokikoa. Unean uneko beharrak identifikatzeko erraztasun eta ahalmena dakartza tokiko kudeaketak.
- Doakoa. 2023ko irailaz geroztik, doakoa da.
- Elkarlanaren ekarpen soziala. Hezkuntza Sailaren eta Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoaren elkarlanak ekarpen sozial garrantzitsua ekarriko luke.
Horretaz guztiaz gain, Mendiburuk azaldu zuen Hezkuntza Sailak proiektua garatzeko ezinbesteko bideragarritasuna bermatuko lukeela. Era berean, administrazio kontseiluko kide izanik bere erabaki ahalmena baliatuz pedagogia zein kudeaketa irizpide berriak txertatzeko aukera ere izango lukeela azpimarratu zuen.
Udalari dagokionez, berriz, aipatu zuen herriarengandik gertuen dagoen erakundea dela, eta unean uneko herriko beharrak detektatzeko hurbileko begirada bermatuko liokeela proiektuari, baita aurreikusten zailak izan daitezkeen beharrak asetzeko malgutasun eta azkartasuna ere. Hartara, Mendiburuk gaineratu zuen elkarlana “aukera paregabea” izan daitekeela herritarren beharrak asetzeko, kalitatezko zerbitzua egikaritzeko edo proiektu horrek aurrera jarraitzeko.
Bestalde, alkateak azaldu zuen bizitzen ari diren unea “une historikoa” dela, “hainbeste urtez sesio iturri izan den ikastetxeen arteko lehia gainditu, eta herrian hezkuntza proiektu bateratu bat sortzeko benetako aukerak ikusten baitira”.
Gauzak horrela, udalbatzari honako akordioa proposatu zitzaion: Oiartzungo Udalak Hezkuntza Sailari elkarlana proposatzea eta irtenbide desberdinak jorratzea honako aukeretan oinarrituta:
- 2026-2027 ikasturterako Haurreskolak Partzuergoa Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoan sartzea Oiartzungo herriak duela 30 urte garatutako erreferentziazko proiektua garai berrietara eraldatzeko.
- Oiartzungo Udala erakunde publiko bat izanik, hala dagokion arduratik eta betekizunetik, prestutasun osoa du OIUP-en bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko eta egon daitezkeen aukera guztiak lantzeko Hezkuntza Sailarekin.
EAJren izenean, Janire Mitxelenak hartu zuen hitza gero: “Ez dugu egokia ikusten beldurra zabaltzea datuek kontrakoa erakusten dutenean. Gu ez gaude hemen beldurra sortzeko, argitasuna eskatzeko eta eskaintzeko gaude. Erabakia udal gobernuarena ardura da; gobernatzea garaiz erabakitzea da, ez epeak pasatzen uztea eta ondoren zalantzak herritarrengan uztea”.
Honela amaitu zuen Mitxelenak hitzartzea: “Gure jarrera argia da: zerbitzu publikoa, egonkorra eta doakoa nahi dugu, eta horregatik uste dugu erabaki hauek planifikazioarekin gardentasunez eta segurtasun juridikoz hartu behar direla”.
Langileek badute zer esana
Mendiburuk proposamena zein den esanda, eta Mitxelenak EAJren iritzia zein den argituta, herritarrei eman zitzaien hitza gero, eta Urmendiko langileen izenean, komunikatu bat irakurri zuten. “Guk argi esan nahi dugu erabaki hau [Jaurlaritzak diru laguntzak ez ematea] ez dela pedagogikoa, politikoa baizik, eta helburua dela hezkuntza sistema erabat zentralizatua izatea tokiko proiektuak erabat errefusatuz eta erabat bazterrean utziz hain zaurgarria den adinaren benetako beharrak”.
Horretaz gain, salatu zuten “erabat lotsagarriak” iruditzen zaizkiela etxez-etxe banatutako aldizkarian agertzen diren hitzak: “‘Haurreskolen kontsortzioan sartzea ezinbestekoa da kalitatea eta finantzaketa egokia bermatzeko. Talde jeltzaleak uste du zerbitzu publikoaren defentsak lehentasuna izan behar duela eta ez dela atzera pausorik onartu behar’. Benetan mingarria da bereziki kalitateari buruz egiten duzuen aipamena, eta puntu honetan eskatu nahi dizuegu kanpotik argazkiak egiteari utzi, eta gonbidatzen zaituztegu gure haur eskolaren proiektu pedagogikoa bertatik bertara ezagutzea. Urmendiko ateak zabalik dituzue”.
“Dagokizuen ardura politikotik, entzun herriari”, amaitu zuten langileek hitzartzea.
Azkenik, Urmendi beti herri. 0-3 bizirik! herri plataforma aurkeztu zuten taldeko kideek plenoan.
Hitzartzeak amaituta bozketari ekin zioten, eta gehiengoaren aldeko botoekin proposamenak aurrera jarraituko du.

