'heMen, Oarsoaldea', eskualdeko turismo eredu berria
Bost ardatz ditu sortu duten errelato berriak, eta helburua da bisitariek "Oarsoaldearen balioa ere ezagutzea".
Oarsoaldeko Garapen Agentziak eskualdeko turismo marka berria aurkeztu zuen atzo Arizmendienean: heMen, Oarsoaldea. Ekitadian, Errenteria, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo Udaletako ordezkariez gain, turismo eragile eta zenbait enpresatako ordezkariak ere elkartu ziren.
Agerraldian azaldu zutenez, turismo marka berri hori “prozesu partekatu baten emaitza” da, “eskualdearen nortasuna, balioak eta etorkizuneko ikuspegi bateratua islatu nahi dituena”. Are, azpimarratu zuten haren helburua dela marka eta kontakizun berria “guztiona egitea eta aurrerantzean turismo komunikazioan modu koherente eta bateratuan erabiltzea”.
2024an eskualdeko turismoaren marketin plana landu zuten, eta bertan zehaztu zituzten Oarsoaldearen posizionamendu turistikoa gidatzen duten hiru ardatz nagusiak: itsas ondarea, natura eta kultura bizia. Gauzak horrela, hiru erpin horiek kontakizun bateratu batean txertatzeko komunikazio plan baten “beharra” zegoela ikusi zuten. Eta, horra emaitza: heMen Oarsoaldea.
Bide horretan, kontatu zuten eskualdeko turismo eredura egokitutako kontakizuna dela: “Oarsoaldeak turismo jasangarri eta kalitatezkoaren aldeko apustua egiten du, herritarren eta bisitarien arteko bizikidetza bermatuko duena, eta hizkuntza, kultura, ondarea eta ingurunea errespetatuko dituena. Kontakizun berriak eredu horrekin bat egin nahi du, eskualdearen benekotasuna, aniztasuna, ondarea, natura eta komunitatea oinarri hartuta”.
Bost ardatzeko errelatoa
Atzo aurkeztu zuten errelato berri horrek bost ardatz nagusi ditu: lekuak eta jendea; sormena eta kultura; ondarea, jasangarritasuna eta natura, eta, komunitatea eta parte hartzea.
- Lekuak eta jendea: kaleak, auzoak, baserriak, fabrikak eta itsasontziak.
- Sormena eta kultura: jaialdiak, dantza, arte eszenikoak, bertsolaritza, museoak, festak eta musika.
- Ondarea: historia, memoria historikoa, industria, portua eta euskara, ondare bizi gisa
- Jasangarritasuna eta natura: natur guneak eta bide berdea
- Komunitatea eta parte hartzea: aniztasuna, herrigintza, emakumeen lana eta eskualde bizia
Azkenik, aurkezpenean azaldu zuten Oarsoaldearen kokapen geografikoak aukera eta erronka bat dakarrela: “Bisitari askok eskualdea zeharkatzen dute, eta helburua da bisitariek Oarsoaldearen balioa ere ezagutzea, postal polit batetik haratago. Hemen bizia dago, kontrastea eta errealitatea. Hemen, gu gara; eta hemen, gu gaude”.
