Industriaguneetako hondakinen bilketa eta kudeaketa, udalarenak
Kudeaketa hori Garbitania entitate publikoaren bitartez egitea onartu dute asteon egin duten otsaileko osoko bilkuran.
Industriaguneetako hondakinen bilketa eta kudeaketa udalaren eskumenekoak izango dira aurrerantzean. Aipatutakoa Udaleko EAJ zein EH Bilduko ordezkarien arteko akordio politikoaren neurrietako bat da, eta kudeaketa Garbitania entitate publikoaren bitartez egitea onartu zuten otsaileko osoko bilkuran.
2025eko azaroan, udaleko EAJ eta EH Bilduko ordezkariek hondakinen kudeaketa eta birziklatze maila hobetzeko erdietsitako akordio politikoan lau neurri nagusi adostu zituzten, eta, horien artean aurkitzen da industriaguneetako hondakinen bilketa udalak berreskuratzea eta optimizatzea.
Azken urteetan San Markok egin du kudeaketa hori, baina orain udalak berreskuratu du eskumena. Joana Mendiburu, Oiartzungo alkatea: Kontrola eta kudeaketa ahalmena izango ditu udalak, baita herriko enpresei arreta zuzenagoa emateko aukera ere. Bide horretan, gehitu du bilketa selektiboa optimizatzeaz gain, aipatzekoa dela kontrol finantzarioa ere, industriaguneetako hondakinen tasa eta salmenta udalaren eskumenekoak izatera pasako baitira.
“Orain arte bezala jarraituz gero, udalak ezin du eragin industrialdeetako hondakinen bilketa selektiboa eraginkorragoa izan dadin, ezta ekonomikoki errentagarriagoa izan dadin ere”. Hartara, azaldu dute 2024-2025ean poligonoetan egindako azterketa diagnostikoaren emaitzak argiak direla: “poligono bat bera ere ez da iristen hondakinen bilketa selektiboaren %65eko langara. Tasari dagokionez, kontrola ez da zorrotza eta izoztuta egon da azken urteetan. Hortaz, zerbitzua San Markorekin ematen jarraituta, udalak ez du ez bilketan ez tasan eragiteko aukerarik”.
Garbitania Zero Zabor
Asteon egin dute otsaileko osoko bilkura, eta bertan industriaguneetako hondakinen bilketa Garbitania Zero Zabor entitate publikoaren bitartez egitea hobetsi da “azaroko adostasun politikoa exekutatzeko bide teknikorik efizienteena, iraunkorrena eta efikazena delako”.
Mendiburu: “Azaroan EAJ eta EH Bilduk poligonoetako hondakinen bilketa udalak berreskuratzea eta optimizatzea adostu ondoren, udal teknikariei horretarako biderik egokiena zein den aztertzeko eskatu zaie. Idazkariak, kontu hartzaileak, ingurumen teknikariak eta giza baliabideetako teknikariak egin dituzten azterketek ondorioztatu dute adostutakorako tresnarik egokiena Garbitania dela”.
Oiartzungo Udala Garbitania Zero Zabor entitateko bazkide izango da, 130.000 euroko balioa duten partaidetzak erosiz. “Eragiketak ez du eraginik udalaren oreka eta funtzionamendu ekonomikoan”. Hots, azpimarratu nahi izan dute ohiko partizipazio erosketa bat dela, eta etorkizunean Garbitaniatik ateraz gero partaidetzen dirua berreskuratuko lukeela udalak.
Bide beretik jarraituz, nabarmendu dute Garbitaniak egindako aurre azterketak poligonoetako bilketa eta kudeaketa lanek defizitik ez dutela sortuko aurreikusten dela.
Udal taldeen akordio politikoa
Azaroan lortu zuten bi udal taldeek hondakinak kudeatzeko akordio politikoa birziklatze maila hobetzen jarraitzeko eta horretarako herritarrei baliabide erosoak eskaintzeko. Horretarako, zenbait neurri adostu zituzten:
- Papera eta ontzi arinak errafiazko poltsetan ateratzea
- Etxeko olioa biltzeko sistema eraginkorrago eta erosoagoa jartzea
- Amiantoa duten instalazioen errolda egitea
- Poligonoetako hondakinen bilketa eta kudeaketa udalak berreskuratu eta optimizatzeko neurriak hartzea.
Lehen hiru puntuan beteta eta laugarrena bideratuta dagoenez, aipatutako akordioa %100ean betetzeko bidean dela nabarmendu dute.
