Kulturaren inguruan hausnartzeko saioa antolatu du Oiartzun Burujabek
Amparo Moroñok eta Iratxe Retolazak 'Zer esan nahi du kulturak zentzu zabalean, eta zer eskubidetzat hartzeak?' hitzaldia emango dute larunbatean.
Etorkizuneko Oiartzunen… zer izango da kultura? lelopean, zenbait jarduera edota hitzordu antolatu ditu Oiartzun Burujabek, eta hilabetean behin egiten dituzte topaketak. Bada, hilabete honetako hitzordua larunbatean (hilak 7) izango da, 10:00etan, Landetxen.
Zehatzagoak izate aldera, Amparo Moroño eta Iratxe Retolazak Zer esan nahi du kulturak zentzu zabalean, eta zer eskubidetzat hartzeak? hitzaldia emango dute. Hitzordua herritar guztientzat irekia da, baina, gero, 11:40an, lan saioa egingo dute herriko kultur eragileek.
Era beran, dagoeneko aurreratu dute apirilaren 18an eta maiatzaren 9an egingo dituztela hurrengo saioak. Apirilean Oiartzungo kultura ekosistema birpentsatuz saioa egingo dute; eta, maiatzean, berriz, Hausnarketatik ekintza zehaztera. Azpimarratu dute hurrengo bi saio horiek herriko kultur eragileentzat direla.
