Sugar olinpikoa piztu dute berriro Lezon
Urte luzeko etenaren ondoren, bueltan dira Lezoko Herri Olinpiadak, indartsu. Lehen jardunaldi estu eta bizia jokatu dute gaur taldeek.
Lehen jardunaldiko irudi bat. Hasi da lehia olinpikoa Lezon, pare bat hamarkadaren ondoren bueltan baitira Lezoko Herri Olinpiadak. 1990ko hamarkadan hasitako egitasmoak, urte luzeko etenaren ondoren, gaur izan du jarraipena. Kiroldegiko pilotalekua izan da gaurko agertokia, eta dexente batzuk izan dira harmailetan eseri direnak. Jakinmina piztu du olinpiaden itzulerak.
Sugarrak, Bidea Gara, Perretxikuak, Al-Dekhflipau, Beatzi Gau, Errefusa, Pronponpon, 2 Kaña, Kosto de Marfil, eta Lez Go! dira aro berri honetan dominaren bat eskuratzeko lehian ariko diren taldeak. Gaurkoan askotariko jolasak izan dira, besteak beste, lehen aroan aski ezagunak egin ziren aulkiaren, kamisetaren edota erratzen jokoak.
Hurrengo hitzordua apirilaren 25ean izango dute taldeek. Maiatzaren 16an jokatuko dute hirugarrena, eta final handia, berriz, ekainaren 27an izango da. Zita horretan ordura arte punturik gehien lortu dituztenak ariko dira. HITZAk asteleheneean argitaratuko ditu gaurko jardunaldiaren emaitza guztiak.
HITZAk ez du lehen jardunaldia galdu nahi izan, eta hona bertan ateratako argazkiak eta bideoa:
