Herrian ekoitzi, herrian bertan kontsumitzeko
Oiartzun Burujabek sustatuta, haragi zirkuitu propioa sortu dute Oiartzunen Labore Oarso eta herriko abeltzainekin elkarlanean. Proba pilotua egin dute, eta maiatzeko kanpainan herriko txahal haragia eskuratzeko aukera izango da.
Itsaso Larretxea eta Julen Irastorza, txahal batekin.Labore Oarso Proba pilotua egin dute orain bi aste eskas, baina zalantzarik ez da oiartzuarrek eskertu egin dutela herrian haragi zirkuitu propio bat izatea. Duela bi urte mahai gainean jarri zuten ideia hori errealitate bihurtu da orain, martxan baitago Oiartzungo Haragi Zirkuitu Propioa.
Oiartzunen 40 abeltzain inguru daude, eta kezkatuta daude, uste baitute ez dagoela erreleborik euren lanerako. Gainera, kexu ziren abeltzain gehienek bertan jaiotako txekorrak amaren esnea hartzeari utzitakoan tratante bati saldu eta kanpora, kasu askotan atzerrira, bidaltzen zituztelako trazabilitatea galduz.
Oiartzun Burujabek bost sektore estrategiko izendatu zituen, eta horietako bat da elikadurarena. Gaia lantzen hasi, eta elikadurari dagokionean lehentasunezko zenbait proiektu hautatu zituzten. Eta, horra, hor mahai gaineratu zuten lehenengoz herrian hazi, hezi eta kontsumitu nahi zutela.
Itsaso Larretxea Labore Oarsoko langilea da, eta hark zerrendatu ditu proiektuaren hastapenak: “Hemen kanpotik etorritako haragia ari gara kontsumitzen, izan daiteke Alemaniatik, Turkiatik edo auskalo nondik, eta hori arazo bat da, ikusten baikenuen hemen dugun altxor hori galdu egiten dela. Gainera, abeltzainei miseria bat ordaintzen zaie, eta desoreka nabarmen bat dago ekoizpen kostu eta ordainsariaren artean. Horregatik, tratanteei saltzen zaizkien haragi horiek Turkian edota beste edozein lekutan bukatzen dute, eta horrek suposatzen du merkatuaren espekulazioaren menpe daudela”.
Proba pilotua hiru abeltzainekin egin dute, eta Julen Irastorza izan da lehen fase horretako txekorra gizendu duena. “Oiartzunen jaio zen, Oiartzunen hartu zuen bere amaren esnea, Oiartzungo belardietan ibili zen, eta pentsu ekologikoarekin hazi da”, azaldu du. Izan ere, horixe da helburua, herrian bertan sortzea herrian bertan kontsumitzeko haragia.
Abeltzainek, baina, ez dute bere aburuz lan egiten, haragi zirkuituaren taldea udalaren ordezkariek, abeltzainek eta Labore Oarsok osatzen baitute.
Laboretik herrira
Laborek trakzio lana egiten du, zirkuituaren diseinua, alegia, eta merkaturatzeaz ere arduratuko da. Hilabete askoko “sukalde lana” egin dute proiektua garatzeko, eta prozesu horretan abeltzainekin bildu, eta, besteak beste, joko arauak adostu dituzte. Izan ere, Laborek merkaturatuko ditu haragi loteak, baina Laboreren zigilua izateak berme batzuk izatea suposatzen duela kontatu du Larretxeak. “Horien artean daude osasuna, gertutasuna, prezio duinak izatea, zirkuitu laburra egitea, zuzeneko harremana izatea edota bertako ekonomia bultzatzea”, azaldu du.

Hori, baina, ez da erabaki duten elementu bakarra, zirkuitu propioaren eraikuntzan ari diren honetan abereei zein pentsu emango zaien ere erabaki baitute. Kontatu dutenez, pentsu zein zereal ekologikoa emango zaizkie abereei; “hor ez dago transgenikorik”. Gainera, “tranparik ez egin” eta animaliei hormonarik ez ematea ere erabaki dute, “animalia hormonatuak jaten ditugunean hormona horiek gero gure gorputzera baitoaz”. Berdin botikekin. “Gero eta gehiago ari gara ikusten pertsonetan osasun arazoak sortzen direla, eta joko arau horien artean ere badago, noski, tratu ona. Jakina da gero animalia horiek jateko erabiliko direla, baina prozesu guztian tratu ona jasoko dute”.
Irastorzak kontatu du orain arte ez duela kanporako gizendu txekorrik, etxerako edota asko jota lagunen batentzat egin izan duela, baina pozik da erantzunarekin; “ondo joan da”. Oiantzabal baserrikoak kontatu du prozesu honetarako pentsua aldatu eta Laborerekin adostutakoa erabiltzen hasi dela.
Bide horretan, Larretxeak Irastorzaren ausardia balioan jarri nahi izan du, bere hitzetan, hura izan baita lehena ‘ni izango naiz soluzioaren parte’ esatera ausartu dena. “Erraza da kexu izatea, baina ez horrenbeste aurrera pausoa ematea, eta Juleni egoera iraultzeko zenbait aukera proposatu dizkiogunean ausartu egin da”.
Bizitza laburra du oraingoz proiektuak, baina pozik dira gaurdaino lortukoarekin. “Batez ere bertan jaiotzen diren txekorrek prezio duina izan dezaten nahi dugu; izan dezatela prezio konstante bat. Kanpotik datorren tratante batek botatzen duen prezioa onartu behar ez izatea nahi dugu, lehen hori baitzen aukera bakarra. Finean garantia bat da”, gehitu du abeltzainak.
Itxaron zerrenda loteetarako
Herrian “interes asko” sortu duen proiektua da, baita “ilusioa” ere, eta horren adibide da Laboren izan duten dei kopurua. Lehen proba honetan hemeretzi haragi lote banatu dituzte, eta guztira 64 loteren eskaera jaso dute; “hiru txekorren lote adinako eskaera izan ditugu”. Lote bakoitzak bost kilo ditu, eta familia bakoitzeko lote batera mugatu dute salmenta dena ez dezan pertsona berak eraman.
Lehen kanpaina horretan haragi gehiena loteetara bideratu dute, eta lote horietara bideratu ez dena despiezatuta eskaintzen dute. Bost kiloko zaku bakoitzean xerrak, gisatzeko haragia, zankarroia, txuleta bat, saiheskia eta okela txikitua daude.
Orain, bigarren deialdiari begira, eskatzaile guztientzat iristen ez bada, lehenengo deialdian eskatu dutenek ezingo dute bigarren adi honetan eskatu, eta hori egin dute “nolabaiteko zaintza eta oreka” bilatzen dituztelako Laboretik.
Ezin uka daiteke jaten duguna garela, eta hori argi du Larretxeak. “Zer erosten dugun, non erosten dugun, nori erosten diogun… Horrelakoekin erabakitzen dugu zein harreman ekonomiko nahi ditugun, nolako giza harremanak nahi ditugun, nolako osasuna nahi dugun, nolako paisaia nahi dugun… Asko erabakitzen da hor, eta ez gara kontziente benetan kontsumitzaile bezala nolako boterea daukagun”, gehitu du Laboreko langileak. Proba pilotuan hiru abeltzainek hartu dute parte, baina orain herriko gainerako abeltzainengana joko dute.
