"Emakumeen ahots urratuak entzun ditugu, eta guk argi dugu non egon nahi dugun"
Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo. Gaur, Donostiako epaitegiaren aurrean elkartu dira emakumeei babesa adierazteko.
Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Doneztebe plazan.Imanol Saiz Gomez de Segura Gaur bertan hasi da oiartzuar irakasle baten aurkako epaiketa, eta atzo, bezperan, elkarretaratzea egin zuten Doneztebe plazan Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta.
Guk sinesten dizuegu, zuekin gaude! Erasotzaileak sutara! pankartaren inguruan elkartu ziren dozenaka bizilagun udaletxe parean, eta irakurketa egin zuten feministen asanbladakoek. “Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, 22 urteko kartzela zigorra eskatzen dio fiskaltzak Irungo ikastetxe batean 13 eta 15 urteko adin txikiko ikasleei diruaren edo oparien truke sexua izateko proposamena luzatzeagatik. Azken asteetan horrelako berriak irakurri ditugu hainbat hedabideetan, baina martxoaren 10ean, akusatuak, Diario Vasco egunkaria baliatu zuen bere burua zuritzeko”, hasi ziren.
Bide horretan, kontatu zuten zuriketa kanpaina hori gaitzesteko asmoz argitaratu zutela komunikatua. Testuan adierazi zuten moduan, irmoki gaitzesten dute “salatuaren biktimizazioa eta zuriketa kanpaina. Are gehiago, lotsagarria, umiliagarria eta erabat berbiktimizatzailea iruditzen zaigu erasotzaileari komunikabideetan bere burua sinesgaitzak diren aitzakiekin justifikatzeko tartea eman izana. Hedabideak ezin dira erasotzaileen diskurtsoak normalizatzeko eta zabaltzeko tresna bihurtu, ezta erasotuen duintasuna eta segurtasuna arriskuan jartzeko ere. Horregatik baliatu nahi dugu tarte hau komunikabideei eskaera argi bat egiteko: ez zaitezke erasotzaileen bozgorailu izan, horrela emakumeak eta adin txikikoak berbiktimizatzen ari baitzarete. Utzi erasotzaileei tartea emateari! Utzi erasotzaileak zuritzeari eta utzi gu erasotzeari!”.
Oiartzungo Feministen Asanbladak jakinarazi duenez, gizon horren berri 2024 urtearen bukaeran izan zuten lehen aldiz, Denuncias Euskal Herria instagram kontuak argitaratu zuen salaketa baten harira. “Ordutik, herrian egindako kanpaina anonimoaren bidez, gizon honek egindako hainbat erasoren berri izan dugu. Ez da gertakari soil bat, behin baino gehiagotan, hainbat ikastetxe eta hainbat esparrutan gauzatu baititu akusatuak horrelako jokabide desegokiak. Errua ez da zuena! Bere boterea nahieran erabili du urte luzez ikasgeletan, patioan edota bestelako aisialdi espazioetan. Eta hori gutxi ez balitz bezala, 2020an erasotzaileak argitaratutako liburu batean, erabateko inpunitatez aitortzen ditu egindako eraso batzuk. Nahikoa da, nazkatuta gaude!”, gehitu zuten.
Azkenik, argi utzi nahi izan zuten ez dutela erasotzailearen zuriketa kanpaina sinesten, eta, noski, ahizpatasunean eta babes sareetan sinesten dutela. “Emakumeen ahots urratuak entzun ditugu, eta guk argi dugu non egon nahi dugun, haiek sinesten ditugu. Gure herrikideen testigantzek kolpatzen gaituzte, eta min ematen digute”, nabarmendu zuten.
Era berean, atzoko agerraldia baliatu zuten egoera zaurgarriren bat bizi izan duen orori feministen asanbladara gerturatzeko gonbita egiteko. “Sistema oso batek gaitu jo mugan, eta haren konplize dira egunerokoan jazartzen, erasotzen edota horiek ikusita ere ezer egiten ez dutenak. Isilik nahi bagaituzte ere, aurrean izango gaituzue! Erasorik ez, erantzunik gabe!”.
Bihar (hilak 25) emakumeei babesa adierazteko Gipuzkoako auzitegi parean izango den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu zuten. 9:30etik aurrera izango da, Donostiako epaitegi zaharrean (San Martin kalea).
