Herriko 30 puntutan, bizikletak uzteko 330 plaza
Lehen bizikletak uzteko 190 plaza zeuden; orain, berriz, 330. Aurrez zeuden hamabi puntuez gain, beste hemezortzi ahalbidetu dituzte.
Oiartzungo Udalak bizikletak uzteko beste hemezortzi puntu gehitu ditu zerrendara. Lehen hamabi puntu zeuden, eta azken asteetako lanak bukatuta, orotara bizikletak aparkatzeko 330 plaza daude gaur egun herrian. Lehen 190 plaza zeuden, eta berrikuntza horien ondorioz handitu da aparkalekua. Aparkaleku berriek 5175 euroko kostua izan dute.
Bizikletak uzteko puntu berri gehienak Elizaldeko hirigunean eta haren inguruan jarri dituzte: Landetxen, Kontzejupe plazan, Madalensoro pilotalekuan, Manuel Lekuona liburutegian, Haurtzaro Ikastolaren eta Urmendi haur eskolaren sarreretan, eta kiroldegian, besteak beste. Hala ere, Ugaldetxoko futbol zelaiko aparkalekuan, Mendibilgo frontoian, Iturriozko pilotalekuan eta Almazeneren ondoan, bidegorriko skate park-ean, Altzibarko Eroskiren aurrealdea, Ergoiengo Auzokalte elkartearen inguruan eta Karrikako frontoiko iturriaren alboan ere jarri dituzte puntu gehiago.
Gainera, udalak aurreratu du etorkizunean bizikleten aparkaleku gehiago jartzea aurreikusten duela, eta Euskal Herria plazako aparkalekuan dagoela horri lotutako proiektu azpimarragarrienetako bat. Izan ere, Doneztebe plaza alderako sarrera osoki eraberritzea aurreikusten dute, eta besteak beste, 26 bizikleta uzteko lekua izango da. Era beran, Arraguan bizikletentzako gune estali bat jartzeko aukera aztertzen ari da udala.
2024ko ekainean onartu zuten Oiartzungo lehen mugikortasun plana, hurrengo bost urteetarako erronkak eta ekintzak zehazten dituen bide orria, alegia. “Ordura arte hasitako bideetan sakontzea eta pauso berriak ematea ditu helburu”, diote.
Honela amaitu dute: “Joan etorri askoko herria da Oiartzun, eta gaur gaurkoz, norberaren ibilgailu propioa da mugitzeko erabiltzen den garraiobide nagusia. Pausoz pauso kotxearen lehentasuna gutxitu eta mugikortasun jasangarriago eta osasuntsuagoaren alde egitea da helburua; bereziki eragiteko xedez herri barruko joan etorrietan. Auzoak oso sakabanatuta dituen herria da Oiartzun eta, beraz, herritarrek alternatiba eroso eta merkeak behar dituzte eskura. Bidegorria herriko mugikortasunaren ardatza izanik, bizikleta da alternatiba horietako bat, eta udalak herritarrak bizikleta hartzera bultzatzeko erraztasunak jarri nahi ditu”.
