"Lezok asko maite du Korrika betidanik"
Korrika Eguna ari dira ospatzen gaur, Lezon. Herri bazkaria izan dute eguerdian, eta txaranga izango dute gero eguna musika artean amaitzeko.
Korrika Eguna da gaur Lezon. Egun handia da, beraz. Eguraldi kaskarra dute lezoarrek festa giroan murgiltzeko, baina hori ez da oztopo eurentzat, ez baitago aitzakiarik euskara eta Korrika ez babestu ezta ospatzeko ere.
Edurne Lizarazu Legorburu Lezoko Korrika Egunaren antolatzaileetako bat da, eta pozik agertu da eguraldi txarra izanagatik ere lezoarrek gaurko egunaren harira izan duten erantzunarekin.
Goizeko hamarretan eman diote gaurko egunari hasiera, eta horretarako txistulariak izan dituzte herrian. Bada, hori nahikoa ez, eta Korrika abestiaren koreografia tailerra ere izan dute. Dantza saiora ez da bereziki jende asko gerturatu, baina hala ere antolakuntzakoak azaldu du hori ez dela arazo izan, eta gustura aritu direla dantzan Korrikaren abestiarekin.
Haurrentzako herri kirolak izan dituzte gero: “Haur pila bat gerturatu da. Oso polita izan da eta oso ondo pasa dugu”, gaineratu du Lizarazuk. Gero, arratsaldeko lauretan bingo musikatua izango dute, eta horretarako boletoak saldu dituzte dagoeneko; abestien konpainian egingo dute bingo saioa.
Hasiera batean kuadrillen arteko III. sokatira txapelketa egin behar zuten, baina antolakuntzakoak jakinarazi du ez dela behar adina jende apuntatu, eta beraz, txaranga izango dela gaurko hurrengo jarduera. Gero, txaranga herriko tabernetatik ariko da, eta Lizarazuk argi utzi du eguna ondo ari dela aurrera egiten. “Eguraldiak ez digu laguntzen, baina behintzat Saldisen ez gara hoztuko”, dio barrez.
Azkenik, Lizarazuk nabarmendu du Lezok urtero “oso harrera ona” egiten diola Korrikari, eta aurten ere ez dela gutxiagorako izan. “Oso polita eta oso parte hartzailea izan da. Hemezortzi eragilek parte hartu dute eta hamahiru lekuko aldatze izan dira. Lezok asko maite du Korrika betidanik”, dio.
Azkenik, eskerrak eman nahi izan dizkie Lezoko Korrika Batzordeari zein gaurko egitaraua osatzen lagundu duten eragile guztiei.
