Oiartzungo bitartekaritza zerbitzuak urtebete egin du
Udaltzaingoa, bestalde, indarkeria matxistaren kontrako plan integralaren idazketan parte hartzen ari dela diote.
Oiartzungo Udalak azaldu duenez, oiartzuarren arteko elkarbizitza eta ongizatea zaintzea udaltzaingoaren jardunaren alde garrantzitsua da, trafiko eta bestelako segurtasun lanez haratago “Egiteko modu, jokatzeko era eta traturako jarrera hurbila, atsegina eta ulerbera”, horiek dira Oiartzungo udaltzaingoaren premisak Olaia Lasa ongizate zinegotzi eta alkateordearen hitzetan, eta, dioenez, udaltzainen profilak horri erantzun behar dio.
Esandakoaren adibideetako bat udalaren bitartekaritza zerbitzua dela diote. Lehendik ere egiten zen arren, orain urtebete jarri zen martxan “modu egituratu eta zerbitzu egonkor” moduan, eta udaltzaingoak eskaintzen du.
Herritarren arteko eguneroko tirabiretan zubi lana egin eta epaitegietara iritsi aurretik adostasunetara iristen laguntzeko herritarrentzako doako zerbitzua da, guztiz konfidentziala, eta 688 71 62 40 zenbakira deituta edo mezu elektroniko bat bidalita eska daiteke.
Xanet Lizeaga bitartekaritza koordinatzaileak adierazi duenez, azken urtebetean hamasei kasu artatu ditu udaltzaingoaren bitartekaritza zerbitzuak, eta erdiak baino gehiagok emaitza positiboa izan dute: “Adostasun jakinetara iritsi dira aferan inplikatutako aldeak edo adostasun zehatzetara iritsi ez arren, egoera lasaitu eta hobetzea lortu da. Bost kasutan prozesua eten egin da, aldeetako batek bitartekaritza protokoloa behar bezala ez betetzeagatik edo uko egin izanagatik. Azken horietan ere, kontaktua egite hutsak egoera lasaitzen laguntzen duela ondorioztatu da. Izan ere, gai korapilatsuak izaten dira maiz, eta prozesuaren bukaeraraino iristea ez bada beti lortzen ere, lehen pausoa eman izana eta behar denerako erreferentziazko pertsona bat badela jakitea lagungarri izan ohi da. Herritarren arteko liskar eta ezin ulertuak, nagusiki, katu, txakur eta soinuengatik, etxe inguruetako gune komunen erabileragatik eta mugarriengatik sortzen dira”.
Era berean, Udaltzaingoa Oiartzungo Indarkeria Matxistaren Kontrako Plan Integralaren idazketan ere parte hartzen ari da. Behin idatzita hala dagokien kasuen arretarako agente aktibo garrantzitsua izateaz gain, udaltzainak idazketan bertan ere parte hartzen ari dira berdintasun eta gizarte zerbitzuetako teknikari eta arduradunekin batera. Diagnostikoa eginda, indarkeriaren prebentzioa, arreta eta erreparazioa barne biltzen dituen lau urterako ekintza plana trazatzen ari da orain talde eragilea, beharko den formazio planean ere arreta jarrita.
Apiril-maiatza aldean, udaltzaingoaren oinarrizko eskalako bost agente plaza txanda irekian eta oposizio lehiaketa bidez betetzeko hautaketa prozesuaren deialdia egingo du Oiartzungo Udalak. Plazetako bat edo bi emakumeentzako erreserbatuko dira, pausoak eman nahi baitira maskulinizatutako lanbide batean emakumeei ere bide emateko eta euren parte hartzea sustatzeko, Oiartzungo Udalaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Barne Planarekin bat etorriz.
Bide horretan, “arreta berezia” jarriko dute hautagaiek bitartekaritzarako eta indarkeria matxista kasuetan esku hartzeko dituzten trebetasunarekin. Lasa: “Oiartzungo udaltzaingoaren jarduna herritarren zaintza eta ongizateari estu lotuta dago”.
Udaltzaingoaren oinarrizko eskalako bost agente plaza txanda irekian eta oposizio lehiaketa bidez betetzeko hautaketa prozesuaren gaineko informazio eta xehetasun guztiak hemen izango dira ikusgai.
