"Eskaini diezaiogun elkarrekin, guztiok batera, garapen bide oparo bat Urmendiri"
Urmendi beti herri, 0-3 herri plataformak deituta, elkarretaratzea egin dute Hezkuntza Sailaren ordezkaritzaren aurrean.
Urmendi beti herri 0-3 bizirik! herri plataformak protesta egingo du gaur Hezkuntza Sailaren ordezkaritzaren aurrean. Hamarnaka haur, guraso, ahaide, aitona amona, hezitzaile, langile eta herritar elkartu dira Oiartzungo Udal haur eskolari babes osoa eskaintzeko; “ez gara aspertzen adierazteaz herritarren ondare kuttuna dela Urmendi haur eskola, orain dela 27 urte abiatu zena herritar askoren lan nekaezinari esker”, diote.
Eusko Jaurlaritzak 2024ko azaroan adierazi zuen ez diela aurrerantzean udal haur eskolei orain arte egindako diru ekarpenik egingo, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoan gelditzen diren udal haur eskola bakanak Eusko Jaurlaritzaren Haurreskolak Partzuergoa sarera bultzatu nahi dituzte, eskaintza 0-2 adin tartera mugatuz.
Oiartzuarrak, baina, ez daude ados eskaintza horrekin: “‘Publikotasunaren defentsa’ aldarrikatzen dute harro, jakinda gure haur eskola eredua ere publikoa dela, udal kudeaketari lotua. Baina kudeaketa eredu zentralizatu, burokratizatu eta homogeneoa ezarri nahi dute, Urmendi hezkuntza proiektua kudeaketa mailan zein arlo pedagogikoan altxor bat dela aintzat hartu gabe”.
1999an sortu zen Urmendi Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoa herriko bi haur eskola pribatu, udal haur eskola, Haurtzaro Ikastola eta udalarekin batera, eta proiektuak herriko hezkuntza eskaintza batzea zuen helburu. “Hezkuntzatik, kalitatezko herri proiektu bat eratzea lortu zen duela 27 urte, gaur egun arte indartsu eta herritarren eta udalaren babesarekin funtzionatu duena”, nabarmendu dute.
Euskal Autonomia Erkidegoan 0-3 adin tarteko haurrak artatzen dituen azken haur eskoletakoa dela azpimarratu dute gaurko agerraldian, “ziklo osoa errespetatuz eta miresgarria den kalitate pedagogikoa eskainiz”. Hori horrela, diote bizitzako lehen zikloaren duintasuna egunez egun umiltasun handiz defendatu duen proiektu pedagogikoa dela, “erakutsiz 0-3 urteen garapen zikloa identitate propioa duen urrezko bizi etapa dela, berariazko zainketa eta akonpainamendua eskatzen dituena haurra osasuntsu eta osoki garatzeko”.
Urmendiren jardunak “haur eskolako hesia gainditzen du”
Hori gutxi balitz, Donostian egin duten elkarretaratzean irmoki plazaratu dute Urmendi “askoz gehiago” dela, eta haren jardunak “haur eskolako hesia gainditzen” duela. Hots, mahai gaineratu Oiartzunen elkarbizitzaren eta ongizate sozialaren alde “izugarrizko ekarpena” egiten duela, pertsonak eta zaintza haien logika eta jardunaren erdigunean jartzea egiazki lortuz. “Heerritarrontzat esperantza ereiten duen proiektua da, komunitatea eraikitzen duena, familiak emozionalki lagunduz eta zaintza eta heziketa praktiketan ahaldunduz. Gainera, esan beharra dago eta inork ez du ukatuko herrian: haur bakoitzak gerora egingo duen hezkuntza proiektuaren hautuaren gainetik, Urmendi familia guztien aterpea da, konfiantzazkoa eta segurua”.
Txikitik eta inurri lana eginez sortu zen Urmendi, eta Oiartzungo tokiko ezaugarri eta beharrei erantzunez proiektu pedagogiko “ezin eder eta eredugarriagoa” eraiki du, “mimoz eta jakintza handiz”. Urteetan zehar bertako hezitzaile eta sukaldariek, bertako langile orok, hausnartzen, formatzen eta garatzen jarraitu dute, eta ondotxo dakite badela hamarkada bat baino gehiago hezkuntza adituek Urmendi proiektua Euskal Herri mailan “altxor pedagogikoen artean” kokatzen dutena.
Bide horretan, nabarmendu dute kalitate pedagogiko hori ahalbidetu duela “dudarik gabe” herri proiektu lokal bezala izan duen autonomiak eta garapenak, ekipo pedagogikoaren kohesioak eta jarraikortasuna, eta baita Urmendiko profesionalek eta udalak erakutsi duten konpromisoak ere.
“Gure ustez, garapen honek guztiak Eusko Jaurlaritzarentzat ere eredugarri behar luke izan, eta aztertu beharko litzateke zergatik den hain arrakastatsua proiektua, beste herri eta txoko batzuetara zabaldu ahal izateko eta hezkuntza esparrua aberasteko. Horregatik ez dugu ulertzen alde bakarrez eta inposaketaren bidez, udal haur eskolari diru laguntzarik ez emateko erabakia hartu izana, horrek halako harribitxia haustea dakarrelako, baina urte luze guzti hauetan egindako bidea etetea ere”.
Donostian elkartu diren kide guztiek zein Urmendi beti herri, 0-3 bizirik plataformak Hezkuntza Sailari eskatu diote “zentzuz joka dezala, ardura politikoz jardun dadila, hezkuntza eta kudeaketa ereduaren kalitateari erreparatu diezaiola, zaindu dezala benetan garrantzitsua dena, eta borondaterik baldin bada, guk adierazi nahi dugu elkarrekin Urmendi proiektua aberasten jarraitzea ere posible dela. Mahai gainean dauden proposamen ezberdinak irakurri eta aztertu, arren, eta eskaini diezaiogun elkarrekin, guztiok batera, garapen bide oparo bat Urmendiri”.

