Maiatzaren 3an izango da Etxera Eguna
Oiartzungo Sarek antolatuta, 'Ezin da gehiago luzatu' lelopean egingo dute Etxera Eguna. Herri kirolak, bazkari herrikoia eta musika izango dira nagusi.
Beste urte batez, Oiartzungo Sarek Etxera Eguna antolatu du, eta dagoeneko jarri dio data egun horri: maiatzaren 3a. Ezin da gehiago luzatu lelopean ondu dute egitaraua, eta arratsalde partean izango dira jarduerak.
Eguna hasteko, herri kirolak egingo dituzte Doneztebe plazan, eta bertan oiartzuarrak hernaniarren aurka lehiatuko dira. Eta, gero, bazkari herrikoia egingo dute Kontzejupean. Gainera, zuzeneko musika izango dute otorduaren amaieran Beñaten eta Gasteren eskutik.
Bazkaltzeko barazki edota haragi paella egongo dira, eta postrea ere izango dute aukeran; euskal pastela natillarekin edo brownie txokolate beroarekin izango dituzte aukeran bertaratzen direnek. Txartelak Kastro eta Garmendia txokolategian daude salgai. Helduen txartelek 15 euro balio dute, eta haurrenek, berriz, hamar euro.
