Hamaika ekitaldi Emakumeen Etxean udaberriko oporren ondotik
Eraikina itxita egongo da hilaren 7tik (asteartea) 10era, eta ohiko jardunari eutsiko dio hilaren 13tik (astelehena) aurrera.
Emakumeen Etxea [Arg.: Herri Bizia]. Udaberriko oporrak direla eta, Emakumeen Etxea itxita egongo da hilaren 7tik 10era, baina ohiko jardunari helduko dio hilaren 13tik aurrera.
Oporren ondoren egingo duten lehen ekintza hilaren 16an izango da, 18:00etan, eta egun horretan Los pequeños amores filma ikusiko dute. Apirilaren 21ean izango da hurrengo hitzordua, eta bertan Jatorkin Al-Nahda elkarteak Laila liburuaren aurkezpena egingo du Laila Karrouch egilearekin batera. 18:00etan hasita, Karrouch Marokotik Espainiara joan zeneko pasarteak izango dituzte hizpide.
Hirugarren jarduera SOS Arrazakeria taldeak antolatu du, eta euren eskutik Las voces invisibles dokumentalaren aurkezpena egingo dute. Hitzordua hilaren 24an izango da, 17:30ean.
Egun horretan bertan, dokumentala ikusi ondoren, hitzartzea izango da dokumentaleko protagonista batzuekin, Adriana Paz Etxeko Langileen Nazioarteko Federazioko idazkari nagusiarekin eta Claribed Palacios Medellingo UTRASD etxeko langileen sindikatuko presidentearekin, hurrenez hurren.
Azkenik, Emakumeen Etxeak Ireki armairua! Murriztu, birziklatu eta berrerabili lelopean dokuforum eta merkatu txiki bat antolatu ditu “gure gizarteko kontsumo eta ekoizpen ereduari eta indarkeria matxistaren loturari buruz hausnartzeko eta berrerabilpenean eta birziklapenean aurrera egiteko zein emakumeen arteko sareak eta harremanak ehuntzeko”. Dokuforum hori hilaren 23an izango da, 18:00etan, eta Setem Hegohaizeak egindako Fabricando mujeres dokumentala proiektatuko dute. Horrekin, kontsumo eredu ezberdinetan emakumeenganako egiten diren indarkeria ezberdinak ikusarazi nahi dituzte, bai eta “inguratzen gaituzten estereotipo matxisten inguruko kontzientzia kritikoa piztu” ere.
Merkatu txikia, bada, hilaren 25ean izango da Emakumeen Etxean, 11:00etatik 14:00etara. Jarduera horrek kontsumo arduratsuko funtsezko printzipioak, ekonomia zirkularra sustatzea eta erabilitako objektuei bigarren bizitza bat ematea eta Emakumeen Etxea erabiltzen duten emakumeen arteko harremanak sustatzea du helburu.
