Nork botako du Xanistebanetako suziria?
Aurten, lehenengoz, herritar guztiek izango dute txupina botatzeko hautagaiak proposatzeko aukera. Gaurtik hilaren 30era egin ahal izango da hori.
Lau hilabete geratzen dira herriko festetarako, eta horiei hasiera nork emango diren erabakitzeko ordua heldu da; suziria nork botako duen aukeratzea, alegia. Orain arte jai batzordeko eragileek egin izan dute hautagaien zerrenda, eta haien artean adostu dute nork botatzen zuen abuztuaren 2ko suziria. Aurten, baina, lehenengoz, oiartzuar guztiek izango dute hautagaiak proposatzeko aukera, eta sortuko den zerrenda horretatik nork botako duen jai batzordeak erabakiko du.
Hori horrela, herritarrek gaurtik hilaren 30era arte izango dute epea hautagaiak proposatzeko esteka honetan dagoen inprimakia betez edota Herritarren Arreta Zerbitzurako bulegoan dagoen postontzian izenak utziz.
Adin guztietako pertsonak egin ahal izango dituzte proposamenak, eta anonimoak izango dira horiek. Orri horietan txupinazoa botatzeko hautagaiaren izena eta proposamenaren zergatia adierazi behar dira. Hots, aurreratu dute hautagaiak norbanakoak edota elkarteak izan daitezkeela.
Behin proposamenak egiteko epea itxita, jai batzordeak zerrenda jaso, aztertu, erabakia hartu. eta horren berri emango du. Azken emaitza hori ekainean argitaratzea aurreikusi dute.
