Herri ginkana eta festa egingo ditu Elizaldek larunbatean
16:00etan izen ematea izango da, eta 18:00etan hasiko da herri ginkana. Herritar guztiak gonbidatu dituzte hilaren 18ko hitzordura.
Elizalderen 50. urteurrena, abestia eta judo jarduera. Elizalde Eskolaren mende erdiko ospakizunek ez dute etenik, eta udaberriarekin batera, kalera eta plazara ateratzeko garia iritsi da, izan ere, larunbatean (hilak 18) herri ginkana bat egingo dute ikastetxearen 50. urteurreneko egitarauarekin jarraitzeko.
Antolatzaileek zehaztu dute ekintza herritar guztiei zuzenduta dagoela, eta adin guztietako oiartzuarrak gonbidatu nahi dituztela arratsaldeko ekintza horretara.
Jardunaldia Elizalde auzoko zenbait txokotan barrena izango da, baina eskolatik azpimarratu dute helburua ez dela lehiatzea, elkarlana sustatzea baizik: “Parte hartzaile guztien artean ezusteko zerbait osatzea izango da arratsaldeko erronka nagusia”.
Ginkanan parte hartzeko ez da aurretiaz izenik eman beharko, egunean bertan antolatu beharko baitira taldeak. Honakoa da larunbateko ordutegia:
- 16:00. Izen ematea. Eskolako patioa izan da, eta 8 urtetik beherako haurrek heldu baten laguntza izan beharko dute probetan parte hartu ahal izateko.
- 16:30-18:00. Herri ginkana. Elizalde auzoan zehar probak gainditu eta “helburu komuna eraikitzeko garaia”.
- 18:00etatik aurrera, festa eta merienda. Ginkana amaitzean festa txiki bat egingo da.
Ginkanarekin komunitatea saretzen eta elkartzen jarraitu nahi du eskolak, eta horretarako herritarrak larunbatean eskolako patiora gerturatzera animatu ditu.
