Bueltan dira Barruti Batzarrak
Iazko saioek aho zapore ona utzi ondoren, udalak bigarrenez antolatuko du egitasmoa, lau barrutietan. Udalak urteroko foro egonkor gisa finkatu nahi ditu batzarrak.
Iazko saioek aho zapore ona utzi ondoren, Pasaiako Udalak Barruti Batzarrak egingo ditu aurten bigarrenez, lau barrutietan. Udalak prest du jada bilkuren bigarren erronda, eta gaur aurkeztu dituzte egitasmoaren xehetasun guztiak Teo Alberro alkateak, Laura Ré Parte-hartze zinegotziak eta Maitane Barrenetxea Parte-hartze teknikariak. Udal gobernuak herritarrengandik gertu egongo den udal bat eratu nahi du, eta bide horretan Barruti Batzarrak “apustu handia” direla adierazi dute udal ordezkariek. Udalak, gainera, “urteroko foro egonkor gisa” finkatu nahi ditu saioak.
Aurtengo Barruti Batzarrak hilaren 27an (astelehena) hasiko dira. Lehen topaketa Donibaneko Juanba Berasategi aretoan izango da. Hil bereko 29an Antxoko Kultur Etxean bilduko dira. Maiatzaren 4an Trintxerpeko Alkateordetzan izango da bilkura, eta 6an, San Pedroko Erti Udal Aretoan. Saio guzti-guztiak 18:30ean izango dira. Batzarretan alkatea, Parte-hartze zinegotzia, Parte-hartze teknikaria eta barruti bakoitzeko alkateordea izango dira. Teknikariak dinamizatuko ditu saioak.
Alkateak jakinarazi du saioek helburu hirukoitza dutela: “Udalaren jardunaren berri ematea, barruti bakoitzeko gai espezifikoak lantzea eta, batez ere, herritarren kezkak, beharrak eta proposamenak zuzenean entzutea”. Bide horretan, Alberrok baietsi du saioetan jasotakoak ez dituztela ezerezean uzten, horiek urte osoko jardunean txertatzen baitituzte. Iazko ekarpenekin ekintza plan osatu dute, eta aurtengo saioetan ekarpen horien itzulera egingo diete herritarrei.
Iaz 120-130 pertsona inguru bertaratu ziren, eta, orotara, 180 proposamen jaso zituen udal gobernuak, barne mailan landu dituztenak, sail bakoitzak inplikatuz. Aurten datu horiek hobetu nahi dituzte, eta alkateak herritarrak animatu ditu parte hartzera: “Barruti Batzarrak dagoeneko urteroko foro sistematiko bihurtu dira, udala eta herria gertuago egoteko eta elkarlanean aritzeko”.
Hiru ardatz
Aurtengo batzarretan udalaren jarduna hiru bloke nagusitan banatuko dela adierazi du Rék: herritarrak, lurraldea eta udala. “Herritarren arloan, gizarte ekintzan eta berdintasunean egiten ari garena eta aurreikusitakoa azalduko dugu; era berean, kulturaren inguruko hausnarketa estrategikoa egingo dugu, eta gazte plana azalduko dugu”, esan du Parte-hartze zinegotziak.
Lurraldeari dagokionean, aparkalekuaren ordenantza, portuarekin lotutako egoera, etxebizitza eremu tentsionatuaren izendapena edota ingurumena jorratuko dituzte. Udalaren esparruaren barruan, aldiz, herri kontseilu berrien sorrera eta herritarren parte hartzerako bideak eta prozesuak izango dituzte hizpide. “Iazko esperientziak emaitza potenteak eta lanerako erronka berriak utzi ditu, eta horregatik aurten ilusioz eta arduraz ekingo diogu egitasmoari”, aurreratu du Rék.
Iazko ekarpenen feedbacka
Aurrez aipatu bezala, herritarrek egindako ekarpenak ez ziren kaxoi batean geratu, udalak horien gaineko lanketa egin baitu. Iaz jasotako “etxeko lanak” egituratu, lehentasunak ezarri eta urtean zehar landu dituztela jakinarazi du Barrenetxeak. Aurtengo batzarretan egindako lan guztiaren itzulketa egingo diete herritarrei, “argi ikus dezaten zer egin den, egin ez dena zergatik ez den egin, eta une honetan udalean zertan ari garen”.
Prozesuari “gardentasuna eta jarraipena” emateko, herritarrek aktak emailez jasotzeko aukera izango dute, iaz bezala. Saio bakoitzaren bukaeran, gainera, balorazio fitxak bete ahal izango dituzte bertaratzen direnek, iritziak detaile handiagoz jasotzeko helburuarekin. Iazko balorazioak “oso onak” izan zirela nabarmendu du Parte-hartze teknikariak, 8 puntutik gorako puntuazioa jaso baitzuten.
Iaz bezala, saioak elebidunak izango dira. Udal ordezkariek euskaraz egingo dituzte aurkezpenak, baina aldi bereko itzulpen zerbitzua eskainiko da.
2026ko Barruti Batzarrak
- Hilak 27: Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, 18:30ean.
- Hilak 29: Antxoko Kultur Etxean, 18:30ean.
- Maiatzak 4: Trintxerpeko Alkateordetzan, 18:30ean.
- Maiatzak 6: San Pedroko Erti Udal Aretoan, 18:30ean.
