Bakailaoa, Donibaneko izar
Hilaren 21ean Gipuzkoako Bakailao Pintxoen XII. Txapelketako finala jokatuko da Donibaneko Kulturgunean, 16:00etatik aurrera.
Martxan dira Pasaiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Oarsoaldea Garapen Agentziak eta Gilda eta Pintxoaren Kofradiak sustatzen duten Gipuzkoako Bakailao Pintxoen VI. Ibilbidea eta Gipuzkoako Bakailao Pintxoen XII. Txapelketa. Aurten Gipuzkoako 50 taberna baino gehiago ari dira parte hartzen igandean (hilaren 19an) itxiko den ekitaldian. Iniziatibaren helburua da Gipuzkoako ostalaritza sustatzea.
Sukaldariek pintxo bana aurkeztuko dute eta osagai nagusia bakailaoa izango da. Haiek aukeratutako beste hainbat produktu ere gehitzeko aukera izango dute. Aurreko urteetan egin bezala, Gipuzkoako Bakailao Pintxoen XII. Txapelketako finala showcooking formatuan egingo da, Donibaneko Kulturgunean. Finala hilaren 21ean (asteartea) jokatuko da, 16:00etatik aurrera, jendaurreko ekitaldi batean. 19:00etan sariak banatuko dituzte.
Sukaldariek zuzenean prestatuko dituzte pintxoak jendaurrean eta epaimahai berri baten aurrean. Honakoek osatuko dute epaimahai hori: Felix Manso sukaldariak eta Felix Manso Ibarla jatetxeko jabeak; Rebeca Barainka Aitenetxe jatetxeko sukaldeburuak; Melanie Noton Euskadiko gidako hegoaldeko arduradun komertzialak; Iñaki Ibaibarriaga GukGreen kontuko eragin sortzaileak; eta Alberto Santiago Santymar bakailao enpresako gerenteak.
Honakoa adierazi du Teo Alberro alkateak gastronomia egitasmoaren inguruan: “Pintxoen txapelketa eta ibilbide hau aukera bat da gure ostalaritzaren talentuari, ahaleginari eta sormenari balioa emateko, Pasaiako nortasunaren eta bizitza sozialaren funtsezko parte baita”.
Aurten Laurak Bat Merkatari, Ostalari eta Zerbitzuen elkartearen inplikazioa “bereziki garrantzitsua” izan dela adierazi dute sustatzaileek, lehen aldiz zuzenean parte hartuko baitu tokiko establezimenduen parte hartzearen sustapenean: “Udalerrian bertan kontsumoa sustatuz eta gure ostalarien eguneroko lana aitortuz, funtsezkoak baitira gure herrien jarduera eta giroa bizirik mantentzeko”.
