«Deskonektatzeko baliatzen dut atletismoa»
Urte bikaina darama Xabier Salillas martxa lasterkari antxotarrak, bi probatan gailendu baita. Orain, begiz jota du azaroan Monakon jokatuko den Munduko Txapelketa.
Martxa lasterkaria da Xabier Salillas Garcia antxotarra. Erronka handiak ditu gustuko, bere proba gogokoena 72 ordukoa baita. Urtea bikaina izaten ari da harentzat, bi proba bere egin baititu aurten. Orain, begiz jota du azaroan Monakon jokatuko den zortzi eguneko Munduko Txapelketa. Irabazteko helburua du. Lehiaz gain, erronka solidario mordoa egin ditu.
Nondik datorkizu atletismoarekiko zaletasuna?
5-6 urte nituenean hasi nintzen lasterka egiten, 18 urte bete nituen arte. Hor utzi egin nuen. 2004an berrartu nuen kirola. Zezen batek harrapatu ninduen Iruñean, ia bizia galdu nuen, eta festa uztea erabaki nuen. Bi bide nituen: bat banekien non buka zitekeen, bestea esploratzeke zegoen, eta berriro hasi nintzen kirola egiten. Hasieran tartekatu egiten nituen kirolak: bizikleta, mendiko bizikleta, lasterketa motzak… Azkenean ikusi nuen jendeak ordulariarekin eta denbora oso kontuan hartuta egiten zuela korri. Nahiko estresatua nengoen lanean kirolak ere estresa eragiteko. Hor martxako lasterketak ezagutu nituen, eta horietan murgildu nintzen.
Lehenik lasterka hasi zinen eta 2014an martxa deskubritu zenuen.
Antibes izeneko lasterketara joaten nintzen, eta hor martxa lasterkari batzuekin elkartzen nintzen. Kuriositatea nuen modalitate hori probatzeko eta probatu egin nuen. Gustatu zitzaidan eta ikasi nuen. Orain nahiago dut martxa egin korri egitea baino.
Zer ematen dizu atletismoak?
Deskonektatzeko baliatzen dut. Goizetan lan egiten dut, eta arratsaldetan entrenatzen naiz. Hori nire momentua da. Asteburuetan ordulari eta mugikor gabe joaten naiz, eta gozamena da hori. Bakarrik joaten naiz eta asko deskonektatzen dut.
Zein motatako lasterketak egiten dituzu?
Nire modalitate gustukoena 72 ordukoa da. 48 ordukoetan ere ondo moldatzen naiz, baina 24koetan ez, esplosiboagoak baitira horiek. Sei egunekoak ere egin izan ditut. Martxa egiten dugunean epaileek geratu egiten gaituzte, osasunagatik. Ez digute uzten 32 ordu baino gehiagoz jarraian egiten. Ordu eta erdiz geratu behar gara kasu horietan. 2016an, gelditu egin ninduten Frantziako proba batean, gelditu ezean deskalifikatuko nindutelako.
2026 bikaina daramazu. Otsailean Madrilen nagusitu zinen eta martxoan Burjassoten (Valentzia). Aste Santuan ere Nizan (Frantzia) izan zara, eta hirugarren postua lortu duzu han. Espero zenuen emaitza horiek lortzea?
Emaitza horien bila joan izan banintz esperoko nituen, baina entrenamendu gisa baliatu ditudanez, ez nituen espero. Nizan hirugarren postuan nintzen lehen egunean. Lasterketak luzeak dira, eta irabazteko moduan ez gaudenean, atzetik datorrena kontrolatzen dugu. Hark kilometro bat egiten badu egunean, nik bi egingo ditut. Hamar ordu lo egiten baditu, nik bederatzi. Duela bi urte 30 orduko lasterketa egin nuen, eta bigarren izan nintzen. Lehenak nik baino 200 metro gehiago egin zituen, eta hirugarrenak 200 gutxiago. 400 metrotan sailkatu ginen hiruak, baina kontrolatzen joan ginen. Nik erritmoa igotzen badut, lehenak ere igoko du.
Burjassoten, gainera, 48 orduko Munduko Txapelketarako sailkatu nintzen. Horrez gain, probako errekorra eta Valentziako errekorra ondu nituen. Ilusioa sortu dit horrek, herrialde bakoitzeko onenekin denbora pasatzen duzulako. Esperientziak dira.
Nizakoa izan da lehiatu duzun azken proba. Nola moldatu zinen bertan?
Ez nintzen sasoi onenean iritsi, bi aste lehenago Burjassoteko lasterketa egin bainuen. Gainera, bi behatz hautsiak nituen, baita oin zolako fasziitisa ere. Banekien ez nituela kilometro asko egingo, baina burua entrenatu nahi nuen. Nizako proba entrenamendu gisa erabili dut, azaroan (14tik 22ra) Monakon lehiatuko den Munduko Txapelketa prestatzen ari bainaiz. Proba hori zortzi egunekoa da.
Begiz jota duzu Monakoko Munduko Txapelketa. Zein helbururekin zoaz bertara?
Irabaztera joango naiz. 2012an korrika egin nuen proba hori, eta hirugarren izan nintzen nire mailan. 1.080 kilometro egin nituen, eta soilik hamar ordu egin nituen lo. Aurten ez naiz 1.000 kilometrora iritsiko, 800 inguru egingo ditudala uste dut. Baina lo gehienez hamar ordu egingo ditut zortzi egunetan. 800 kilometro egiten baditut irabazteko moduan egongo naiz. Buruan dut eta horren bila joango naiz. Irabazi nahi duenak garaitu egin beharko nau. Ez dakit zer pasako den, baina irabazteko prestatzen ari naiz.
Prestaketa, baina, oso sakrifikatua da. Lan egiten dut, igeltseroa naiz, bikotekidea dut, eta dudan denbora librean entrenatu behar dut. Asteburuetan bikotekidearekin egon nahi badut, goizeko 03:00etan jaiki behar dut, 5-7 ordu entrenatu eta gero eguna libre izateko.
Els Sitges Burjassot taldearekin ari zara. Zergatik fitxatu duzu Valentziako talde batekin?
Talderik gabe nengoen, 2018tik ez bainintzen lehiatu. Munduko Txapelketarako talde bat izan gabe sailkatu nintzen. Iazko urrian Badalonara (Katalunia) joan nintzen, eta lagun batzuekin elkartu nintzen han. Horietako batek taldearekin hasteko animatu ninduen eta bertako arduraduna aurretik ezagutzen nuenez haiekin hasi nintzen.
Zenbat ordu eskaintzen dizkiezu entrenamenduei?
Egunean ordubete eta ordu eta erdi artean entrenatzen dut. Larunbatetan 8-9 ordu inguru egiten ditut, eta igandetan bost goizean eta beste bi eguerdian.
Baduzu ametsik atletismoan?
Bat dut, baina oso zaila da. Johannesburgon (Hegoafrika) hamalau eguneko proba bat dago. Futbol zelai batean mila milia (1.666 kilometro) egin behar dira. Soilik pertsona batek osatu du erronka hori hamalau egunetan.
Lehiaz gain, alderdi solidarioan ere murgildu zara hainbatetan.
2013an zazpi egunetan 700 kilometro egin nituen pista batean Etiopiako GKE bat laguntzeko. 2014an, Sant Vicenç del Hortsen (Katalunia) hiru lagunen artean zintan 24 orduz egin genuen korri, esklerosi anizkoitzaren kontra. Hurrengoan gaixotasun arraroak bistaratu genituen. 24 orduz zinta batean aritu nintzen, oinutsik. 2019an, Pausoka elkartearen alde aritu nintzen. 48 ordu egin nituen zinta batean, oinutsik hori ere. Aurrera Markelentzako hiru eguneko erronka bat egin nuen, lasterka eta bizikletan. EITB Maratoian ere izan nintzen. Miribillan 15 orduz aritu nintzen oinutsik. Errenteria-Oreretan, Juneren Hegoak-ekin, zortzi ordu egin nituen igerian, beste zortzi bizikletan eta zortzi gehiago korrika. Diru asko bildu dugu kausa horietarako.
