Lurra dardaraziko dute kulturatik, komunitatean
Babirusa Danza konpainiak dantza proiektu komunitarioa gauzatuko du Errenteria-Oreretan. Esperientzia artistiko eta kolektibo berezia proposatzen du taldeak. Herritarrak parte hartzera animatu ditu udalak.
Babirusa Danza KonapiniaErnesto Leon Dantza proiektu berezia abiatuko du Babirusa Danza konpainiak Errenteria-Oreretan, eta hartan parte hartu nahi duten pertsonen bila ari da. Muchos caballos galopando juntos pueden hacer temblar la tierra du izena proiektu horrek, eta esperientzia artistiko eta kolektibo berezia proposatzen du, sormen prozesua eta eszenaratzea uztartuz.
Errenteriako Udalak parte hartzera animatu ditu herritarrak, berezia izango den zalantzarik ez du. Gehienez 20 lagunek parte hartu ahalko dute esperientzia horretan, 16 urtetik gorakoak izan beharko dute denek, eta mugimenduarekin lotutako praktiketan esperientzia dutenak, «dantzan, antzerki fisikoan, arte martzialetan, gimnasian edo zirkuko diziplinetan esperientzia duten pertsonen perfila da bilatzen dena».
Parte hartuko dutenek, Babirusa Danza konpainiako bost dantzari profesionalekin ariko dira lanean, eta oholtzara igotzeko aukera izango dute azken emaitza izango denaren emanaldian. Prozesua elkarrenganako konfiantzan, entzutean, eta zaintzan oinarrituko dutela azaldu dute konpainiaren arduradunek, «sorkuntza kolektiboa ardatz hartuta».
Bost eguneko doako tailerra
Proiektuarekin bat egiten duten pertsonek bost eguneko doakoa tailer intentsiboa jasoko dute, maiatzaren 5etik 9ra bitartean. Arratsaldez izango dira tailer horiek, Dantzagunean eta Niessen Kulturgunean, eta lau orduko iraupena izango dute egunero. Tailerretan sortuko duten koreografia, berriz, maiatzaren 10ean aurkeztuko dute jendaurrean, Lekuona Fabrikan 19:00etan.
Parte hartu nahi duten pertsonek izena eman behar dute hilaren 24aren aurretik galdetegi bat beteta (klik hemen). Ebazpena hilaren 27an jakinaraziko du udalak posta elektroniko mezu bidez.
Dantza proiektuaren ardatzak, ondokoak: dantza garaikideko Babirusa Danza konpainiako bost dantzari profesional eta mugimenduaren artearekin lotutako 20 pertsonekin egingo den sorkuntza eta ikerketa tailerra. Ikuskizuna indarra, purutasuna, hauskortasuna, edertasuna eta transzendentziaz mintzo da. Proiektuaren helburuak ere zehaztu dituzte antolatzaileek. Hala, komunitatean dantza egitea, talde lana, ezagutza partekatzea, komunikazio eraginkorra, ardura partekatua, giza kohesioa hobetzea, publiko berriak, sorkuntza ikerketa eta garapena, edota eraldaketa soziala aipatu dituzte, besteak beste. Babirusa Danza Beatriz Palenzuela eta Rafael de La Lastrak sortu zuten 2006an, Madrilen, eta ordutik, antzoki eta areto ez konbentzionaletarako hamabost ekoizpen estreinatu ditu; Errenteria-Oreretan abiatuko duen proiektua 2022an sortu zuen.
