Etxebizitza tasatuen zozketarako onartuen behin betiko zerrenda, ikusgai
Zozketa publikoa izango da, eta hilaren 29an egingo dute, pleno aretoan. 10:00etan izango da hitzordua, eta nahi duen oro bertara daiteke.
Alegazio epea itxita, alkate dekretuz onartu dute etxebizitza tasatuen urteko lehen zozketarako eskatzaileen behin betiko zerrenda, eta orotara 190 familia unitate daude bertan. Hori ikusteko, SMS bidez jaso duten kodea erabili beharko da.
Udaletik jakinarazi dutenez, zerrendan daudenen errolda eta etxe premia datuak soilik gainbegiratu dituzte, eta, orain, esleipenduna izaten denak etxebizitza tasatua eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatu beharko du; alegia: Oiartzunen erroldatuta egon eta etxe premia duela ziurtatzeaz gain, diru sarreren muga ez duela gainditzen justifikatu beharko du.
Zozketa egin eta 20 eguneko epean beharrezkoa den dokumentazioa eskatuko die esleipendunei udalak. Hortaz, epe horretan eskatutako agiriak aurkezten ez badira, uko egin dela ulertuko da eta itxarote zerrendako lehenengoari eskatuko zaio dokumentazioa.
Etxebizitza tasatuen urteko lehen zozketan Altzibarko Olalde etxadian dauden bigarren eskuko bi etxebizitza zozkatuko dira, hiru logelakoak bata eta bestea. Gainera, trastelekua eta garajea ere badituzte, eta 275.000€ eta 280.000€ko behin behineko prezioa dute (BEZik gabe).
Zozketa hilaren 29an izango da, 10:00etan, eta publikoa izango denez nahi duen oro bertara daiteke.
Behin betiko zerrendan dagoen interesdun bakoitzak zenbaki bat du esleituta –behin betiko zerrenda dago–, eta zenbaki horiek izango dira ontzian sartuko direnak. Bigarren ontzian etxebizitzen txartelak sartuko dira.Zozketa bakarra egingo dela aurreratu dute, zozkatuko diren bi etxebizitzek ezaugarri berdinak baitituzte.
Saioa bukatzeko itxarote zerrenda osatzeko zozketa egingo dute, onuradunen batek uko egin edota arauren bat beteko ez balu hala dagokion etxebizitza zeini esleitu erabakitzeko. Itxarote zerrenda ere bakarra izango da.
