Familia lasterketaren seigarrena antolatu du Egiluze ikastetxeak
Gautenari aitortza egingo diote bere lanarengatik, eta Egiluze ikastetxera heldu zela 10 urte bete direlako.
I. Familia Lasterketan 500 lagunek hartu zuten parte. Argazkia: Carrera Familia lasterketaren seigarren ekitaldia antolatu du Egiluze ikastetxeak. Maiatzaren 9an, larunbatarekin, egingo du eta hainbat jarduera antolatu ditu egun horren bueltan. Tartean, aitortzarako aukera baliatuko dute; Gautena omenduko du Egiluzek. Duela hamar urte heldu zen Errenteria-Oreretako ikastetxe horretara eta ordutik Gautena ikasgela iraunkorra dute martxan bertan.
Familia lasterketaren bidez, familian edo lagun artean kirola eta gozamena uztartu nahi dituzte, “adin guztietako pertsonak parte hartzera animatu nahi ditugu. Ez da bakarrik Egiluzeko kideentzat, asmoa da Errenteria eta inguruko familia guztiek egun honetaz gozatu ahal izatea”.
Beroketa 16:00etan hasiko da, zumba master class batekin, Eureka Dance Studioko Oliver Nestarren eskutik. Lasterketa berriz, 17:00etan hasiko da eta oinez edo korrika egin ahalko da, beharretara egokituta. Xabier Olaskoaga plazatik abiatu eta bertan bukatuko da hainbat kale zeharkatuta. Anoa postuak izango dira.
Lasterketa bukatuta musikak hartuko du lekukoa, DJ Iker Rodriguezen eskutik.
Iaz lehen aldiz emandako bi sari banatuko dituzte aurten ere: talderik animatuenari, eta mozorrorik onenari. Lehiaketaren oinarriak ikastetxearen sare sozialetan kontsulta daitezke (klik hemen). Lasterketarako izena emateko, klik egin lotura honetan.
