Gaur eta bihar, asfaltatze lanak Pasaian
Gaur San Pedron eta Trintxerpen egingo dira jarduketak, eta bihar, Antxon. Helburua da udalerriko errepideen egoera hobetzea.
Pasaiako Udala asfaltatze lanak egiten ari da udalerriko errepideen egoera hobetzeko helburuarekin. Gaur (asteazkena) San Pedron eta Trintxerpen egingo dira jarduketak. Bihar (osteguna), aldiz, Antxon.
San Pedro
Duela aste batzuk Esnabide kalean hasitako lanekin jarraituko du udalak. Barruti morean bi obra planifikatu dituzte. Biak ala biak gaur hasiko dira, 22:00etan, eta biharko 06:00etan bukatzea aurreikusi dute. Alde batetik, Esnabideko 16. eta 18. zenbakien artean lan egingo dute, eta garajeetako sarrera eta irteera arrapaletan arituko dira. Bestetik, jarduketak egingo dituzte 26. zenbakiaren eta oinezkoen pasabidearen artean, Trintxerpeko noranzkoak.
Obrak modu egoki eta seguruan egiteko eta erabiliko diren materialekin autoak zikintzea saihesteko, Udaltzaingoak lau aparkaleku mugatuko ditu eremu horretan, behar bezala seinaleztatuta egongo direnak.
Trintxerpe
Arrandegi kaleko 2. zenbakian egingo dituzte lanak, Serafin Esnaola plazaren ondoan. Gune horretan ez da motorren edo autoen aparkalekurik kenduko.
Antxo
Antxoko jarduketak osteguneko 22:00etatik ostiraleko 06:00etara bitartean izango dira. Asfaltatze lanak Hamarretxeta kaleko 1. zenbakitik 16. zenbakiraino egingo dira. ETS egiten ari den topoaren obrak direla eta, Hamarretxeta kalea itxita egongo da ostiralera (hilaren 24ra) arte. Kale horretako 1. eta 5. zenbakien arteko aparkaleku batzuk soilik balizatuko dira.
Nafarroa etorbidean eta 24. zenbakiaren parean dagoen autobus geltokian ere hobekuntzak egingo dituzte.
