Udaberri Festa egingo dute Meipin
Meipiko Jai Batzordeak eta Xantixa Kultur Elkarteak Udaberri Festa antolatu dute astebururako. Jarduerak ostiralean eta larunbatean izango dira.
Argazkia: Meipiko Jai Batzordea. Sanjuandarrek udaberriari ongietorria emango diote asteburuan, Meipiko Jai Batzordeak eta Xantixa Kultur Elkarteak Udaberri Festa antolatu baitute Meipiko plazan. Udaberri Festako jarduerak ostiralean (hilaren 24an) hasiko dira, IV. Futbolin Txapelketako kanporaketa fasea jokatuko baita Meipi tabernan, 19:00etatik aurrera. Izen emateak tabernan bertan egin behar dira, hilaren 23a baino lehen. Bikote bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu parte hartzeko.
Egun handia, baina, larunbatekoa (hilaren 25ekoa) izango da. 11:30ean haurrek eskulanak egingo dituzte, eta 12:00etan mutxikoek dantzan jarriko dute Meipi, Alarkide txarangaren laguntzarekin. 13:00etan, futbolin txapelketako azken fasea jokatuko da, eta sariak banatuko dituzte. 14:30ean herri bazkaria egingo dute, eta sabelak bete ondoren, bingoaren txanda izango da. Festak jarraipena izango du arratsaldean. 18:00etan, Pasai txarangak Meipi girotuko du. 19:00etan, hegal minen txapelketa egingo da, eta hori bukatutakoan, Pasai txaranga itzuliko da. Tardeoarekin agurtuko dute Udaberri Festa.
Udaberri Festa
Hilak 24, ostirala
- 19:00: IV. Futbolin Txapelketaren kanporaketa fasea, Meipi tabernan.
Hilak 25, larunbata
- 11:30: Haurrentzako eskulanak.
- 12:00: Mutxikoak Alarkide txarangarekin.
- 13:00: IV. Futbolin Txapelketaren azken fasea.
- 14:30: Bazkaria karpan. Ondoren, bingoa.
- 18:00: Pasai txaranga.
- 19:00: Hegal minen txapelketa. Jarraian, Pasai txaranga.
- Bukatzeko: Tardeoa.
