Zahartzeko manerak, euskal literaturan
Zahartzeko moduei buruz hausnartzeko zikloa antolatu du Emakumeen Etxeko programazio taldeak.
Emakumeen Etxean izango dira ekintzak. Euskal literaturan zahartzeko manerak aztertuko dituzte Emakumeen Etxean, Iratxe Retolazak gidatuta. Izan ere, zahartzeko moduei buruz hausnartzeko zikloa antolatu du Emakumeen Etxeko programazio taldeak. Bi zati izango ditu ziklo horrek: batetik, 4 orduko iraupena izango duen irakurketa kolektiboko tailerra, hilaren 28an eta maiatzaren 12an egingo dena; eta, bestetik, maiatzaren 26an, asteartearekin, Yolanda Arrieta, Mari Luz Esteban eta Arantxa Urretabizkaia idazleekin mahai inguru batean irekiko da hausnarketa hori.
Bi jarduerak Iratxe Retolazak gidatuko ditu eta, berak azaltzen duen moduan, “azkenaldian zahartzaroari eta zahartzeko moduei buruzko literatur lan ugari argitaratu dira, eta guztiek egitura sozialei eta zaintza sareei buruz hitz egiten dute”.
Irakurketa kolektiboko tailerra
Irakurketa kolektiboko tailerra apirilaren 28an eta maiatzaren 12an egingo da, 18:00etatik 20:00etara, Emakumeen Etxean, eta bertan zahartzeko maneren inguruko literatur lan laburrak eta pasarte literarioak izango dituzte hizpide, betiere genero ikuspegiak zahartzeko modu horiek nola zeharkatzen dituen aztertzeko asmoz.
Bi saioetan, parte hartzaileekin batera, galdera hauetako batzuk erantzuten saiatuko dira: Zein zahartzeko manera edo modu irudikatu dira euskal literatura garaikidean? Zahartzeko manera horiek zer genero ikuspegi irudikatu dituzte? Zahartzeko manera horiek irudikatzean, nolako proposamen feministak egin dira? Irakurleok nola eraikitzen dugu geure zahartzeko imajinarioen eta pertsonaiaren zahartzeko moduen arteko harremana?
Tailerra euskaraz izango da eta parte hartu nahi duten emakumeek mezu bat bidali beharko dute posta elektronikoz (klik hemen).
Maiatzaren 26an, asteartean, 18:00etan, Emakumeen Etxean, mahai ingurua egingo dute Yolanda Arrieta, Mari Luz Esteban eta Arantxa Urretabizkaia idazleekin. Mahai-ingurua euskaraz izango da baina aldi bereko itzulpen zerbitzua egongo da eta parte hartzea librea izango da lekuak bete arte.
Emakumeen Etxeak ateak irekita ditu astelehen eta ostiraletan, 9:00etatik 13:00etara, eta asteartetik ostegunera, arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara, Txirrita Parkean. telefonoz harremanetan jartzeko aukera ere bada, 943 449 630 zenbakira deituta, baita posta elektronikoz ere (klik hemen).
