Altzibarrek gune estalia izango du Olalden
Espazioak 300 metro koadro izango ditu, eta komuna eta gune berdea ere izango ditu. Lanak urtebetean amaitzea aurreikusi dute.
Gune estaliaren obren hasiera. Allende Arnaiz Garmendia Hasi dira Altzibarko gune estali berria eraikitzeko lanekin, eta Garazi Urdampilleta Astibia alkateordeak honakoa adierazi du: “Aterpeko espazio baten premiaren jakitun, 2024an idatzi zen proiektua eta oraintxe hasi dira exekuzio lanak”. Horregatik dago, hain justu, ingurua hesituta, eta hondeamakinak lehen lur mugimenduak eta zimentazioak egiten ari dira.
Kontatu dutenez, 300 metro koadroko erabilera anitzeko gune estalia eraikiko da Olalde etxadiaren atzealdeko zelaian, Altzibar eta Karrika lotzen dituen bidegorriaren alboan. Gune horrek komuna izango du, eta baina 200 metro koadroko berdegune urbanizatua ere inguruan. “Gune berdean eserlekuak, oinezkoen pasabideak, bizikletentzako aparkalekuak eta garbitzeko puntua, eta hormigoizko mahai borobil handi bat eta haren bueltako aulkiak jarriko dira”, dio Urdampilletak. Era berean, azpimarratu dute zuhaitz gehienak mantendu egingo direla, eta batzuk “halabeharrez” mugituko badituzte ere, berriak jarriko dituztela.
Obra lanak urtebeteren buruan bukatzea aurreikusi dutenez, tarte horretan eremua itxita egongo da. Hots, kamioien eta obrako gainontzeko ibilgailuen joan etorriengatik hala dagokion errepide zatia eta bidegorria ere itxiko dituzte momentu jakinetan.
Altzibarko gune estalia eraikitzeko lanek 1.300.000 euroko aurrekontua izango dute, eta inbertsioaren %40a Europak finantzatuko du udalak Garapen Eskualdeko Funtsetik lortutako diru laguntzari esker.
