Donostiako Oquendo jatetxeak irabazi du Bakailao Pintxoen Txapelketa
'Creme de la Creme' pintxoarekin gailendu da establezimendu hori. Horrez gain, Pasaiako I. Pintxo Ibilbidea ere egin da.
Donostiako Oquendo jatetxeak irabazi du Gipuzkoako XII. Bakailao Pintxoen Txapelketa, Creme de la Creme izeneko pintxoarekin. Asteartean jokatu zen finala, jendaurrean, Donibaneko Kulturgunean. Bertan izan ziren Laura Ré Pasaiako Udaleko Kultura zinegotzia, Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatua, Jakes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuordea eta Galder Agudo Aurki elkartearen ordezkaria.
Aurtengo ekitaldiak berrikuntza nabarmen bat izan du, Pasaiako Udalak eta Laurak Bat Merkatari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteak elkarlanean antolatu baitute Laurak Bat Pasaiako I. Pintxo Ibilbidea. Lankidetza horrek Pasaiako dinamizazioan “jauzi kualitatiboa” eman duela adierazi du udalak, “tokiko ostalaritza sareari ikusgarritasun handiagoa emanez”. Laura Rék elkarlan hori balioan jarri du: “Lehen edizioa izanik, parte hartzea ona izan da eta herritarren erantzuna bikaina: hamarnaka bizilagunek aitzakia berezi bat izan dute tokiko eskaintza gastronomikoa gertuagotik ezagutzeko”.
Ibilbideko epaimahaia, bereziki, herriko elkarte gastronomikoetako ordezkariek osatu dute. Irabazlea Miranda izan da. Bigarren Laket sailkatu da, eta hirugarren Mimos. Gainontzeko parte hartzaileak Busturia, Ziaboga, Ibaiondo, Caserio eta Ulia izan dira.
