Urteko batzar orokorra egingo du bihar Labore Oarsok
Hitzordua arratsaldeko seitan izango da, eta, beraz, denda ordu horretan itxiko dutela jakinarazi dute.
Labore Oarsok urteko batzar orokorra egingo du bihar (hilak 24, ostirala), 18:00etan, Laboreko hitzaldi gelan.
Hitzorduak ordu eta erdiko iraupena izango duela aurreikusi dute, eta aurreratu dute “gauza interesgarriak” dituztela kontatzeko. Hots, aurrera begira emango dituzten urratsen inguruan jendeak duen iritzia entzutea ere bada biharko helburua, “guztien artean” erabaki nahi baitute zer eta nola egin.
Hori horrela, nabarmendu dute garrantzitsua dela ahalik eta bazkide gehien bertaratzea, “erabaki garrantzitsuak” hartuko baitituzte. Labore Oarsok elkarte izaera duenez, erabakitzeko organo gorena Batzar Nagusia da; urtean behin egiten dute hori, eta bertan adosten dituzte urtean zehar jarraitu beharreko lan ildo estrategikoak.
Langile guztiek batzarrean egoteko aukera izan dezaten, denda 18:00etan itxiko dutela jakinarazi dute.
