Euskal dantza bizirik dagoenaren erakusleiho
Olarri dantza taldeak herriko zenbait eragilerekin batera Oiartzungo II. Dantzari Eguna antolatu du. Bihar izango da, eta egun osoko egitaraua antolatu dute euskal kultura ospatzeko.
Euskal dantzen topaleku bihurtuko da bihar Oiartzun. Euskal dantzen, eta baita euskal kulturaren topaleku ere. Oro har, euskal kultura eta euskal identitateari gorazarre egiteko elkartuko dira dozenaka lagun Doneztebe plazaren inguruan. Eta, horren arduradun da Olarri dantza taldea, herriko zenbait eragilerekin batera bigarren Dantzari Eguna antolatu baitute biharko.
Iaz Oiartzungo Gure Eskurekin batera antolatu zuten lehen Dantzari Eguna, eta, hortaz, bigarrena izango da biharkoa. Alabaina, izaera ezberdinekoa izango da hitzordua, oraingoan ez baitute Gure Eskurekin ondu egitaraua. Aberri Egunaren aitzakian, Gure Eskuk zenbait jarduera antolatu zituen, eta batak besteari trabarik ez egite aldera egitarau bateratua ondu zuten azkenerako iaz.
Bigarren Dantzari eguna izanik, aurtengoa antolatzeko orduan nolabaiteko abantaila izan dute antolatzaileek, iaz zertan huts egin zuten edota indarrak non jarri behar dituzten ikusteko aukera izan baitute 2025eko aldiari erreparatuta. Hartara, antolatzaileek nolabaiteko aldea nabaritu dute prestaketa lanetan, eta erraztasunak ere izan dituzte bidean, talde motorreko kideek iazkoa ikusita bazekien-eta zein ardura hartu behar zituzten.
Ane Otegi Olarriko kide da, eta aurtengoak iazkoarekin antzik izango ez badu ere, irribarretsu erreparatu dio biharkoari: “Kataluniako hiru dantza talde etorri ziren iaz, eta paper garrantzitsua izan zuten horiek Dantzari Egunean, beraien ikuskizuna eta euren dantzak hemen ikusteko aukera izan genuelako. Aurten ez dira hemen egongo, baina beste dantza talde batzuk izango dira gurean, eta beraien herrietako dantza tradizionalak ezagutzeko aukera emango digute”.
Justuki, Lesaka, Antigua, Urnieta, Lezo, Irun eta Tolosako dantza taldeak elkartuko dira bihar Oiartzunen, eta egunari hasiera 10:30ak aldera emango diote. Desfilea egingo dute lehenbizi, baina Otegik azaldu du dantza taldeak ez direla bakarrik joango, taldeak egingo dituzte eta. “Taldeak egingo ditugu, eta hiruzpalau ibilbide egingo dituzte plaza inguruan. Goizean zehar zenbait dantza egingo dituzte, eta gero hamaiketakoa egingo dugu”.
Mokadutxoa ez dute denek batera egingo; zenbait elkartetan prestatuko dute jatekoa, eta talde bakoitzari esleituko zaion bidearen arabera lagunarte batean edo bestean egin beharko dute geldialdia.
Gero Doneztebe plazan elkartuko dira denak, eta ekitaldi nagusia egingo dute herritarren berotasunarekin inguratuta. Oholtza bat izango da plazan, eta musikariak eta erraldoiak ere bertan izango dira giroa alaitu eta oiartzuarrak dantzan jarri asmoz. Agurra, fandangoa eta arin-arina dantzatuko dituzte, besteak beste, herriko plazan, eta horren ondotik bazkaltzeko tartea hartuko dute dantzari eta antolatzaileek.
Herria dantzan jartzeko
Kontzejupean elkartuko dira dantzariak eta horien laguntzaileak bazkaltzeko, baina egitarauak irekia izaten jarraituko du horren ondotik, Leinua fanfarrearekin dantzaldia egingo baitute. Hitzordu hori hasiera batean Doneztebe plazan izango da, baina Otegik jakinarazi du eguraldiak okerrera eginez gero Kontzejupean egingo luketela dantzaldia.
“Dantzaldi hori erabat irekia da herriarentzat. Edozein adinetako jendearentzat da, eta gonbidatuta daude denak. Talde polit bat osatu nahi genuke denok batera plazan dantzan egin ahal izateko”, jarraitu du dantzariak.
Helburua jendarteak egun polit bat pasatzea dela bistakoa da, eta arratsalde partera bitartean zenbait jarduera egingo badituzte ere, ez da hor amaituko dena.
Afaltzeko tarte bat utziko dute antolatzaileek, eta gero helduko diote berriz programazioari, gauean Gabezin erromeriak kontzertua emango baitu.
Festak, beraz, ez du etenik izango: “Uste dut egitarau nahiko aberatsa osatu dugula eta eguna bera ere nahiko beteta dagoela. Goizeko zatia gehiago da herriari eskainiko diogun ikuskizun bat, baina arratsaldean herriak berak ere parte hartzeko aukera dauka. Oro har, dantza taldetik herriarentzat antolatutako egun bat izango da, baina aldi berean herriak ere parte hartzeko aukera izango du”.
Herriko eragileak, eskutik
Olarri dantza taldeak antolatzen du Dantzari Eguna, baina ez da antolakuntzan ari den eragile bakarra, Soinuenearekin elkarlanean antolatu baitute bazkalosteko fanfarrearen saioa.
Bide horretan, Otegik herriko eragileen prestutasuna nabarmendu du: “Antolakuntza aldetik eragile nagusia gure dantza taldea da, baina herrian badira beste milaka eragile Dantzari Eguna aurrera ateratzeko laguntza eskaini digutenak”.
Beraz, ez dago zalantzarik; eguraldiaren aurreikuspenak betetzen badira, festa betean murgildu eta euskal dantzak nagusi izango diren egun baten parte izateko aukera izango da bihar. Eta, eguraldi kaxkarra egingo balu, gogoa eta ilusioa faltako ez direnez, eguna handira ospatzeko ahaleginak egingo dituzte.
Hori horrela, argi du oiartzuarrak Dantzari Egunaren funtsa: “Herrigintzan zentratutako eguna da, herriko eragile ezberdinek antolatu duguna, eta herrian euskal dantza oraindik bizirik dagoela adierazteko eguna da. Herriko eragileen arteko lan indartsu bat da”.
Dantzari Eguneko egitaraua
- Goiza
- 10:30. Kalejira herriko plazan zehar.
- 13:00. Dantzari Eguneko ekitaldi nagusia.
- Jarraian, bazkaria dantzarientzat.
- Arratsaldea
- 18:30. Fanfarrea Leinua taldearekin.
- Gaua
- 22:00. Kontzertua Gabezin taldearekin.
