Kantu eta kontu artean bildu ziren Aldabene eta Ugaldetxoko ikasle ohiak
Ibilaldi bat egin zuten auzoan barna, eta gero Ordozelai sagardotegian bazkaldu zuten ikasle ohiek. Kantuan eta dantzan ere aritu ziren.
Hirugarren urtez segidan, Aldabene eta Ugaldetxoko eskoletako ikasle ohiek topaketa egin zuten. Egunaren hasieran talde txiki baten ibilaldia egin zuen auzoko baserri, zelai eta basoetan barrena “lehengo garaiak” gogoratzen, “hitz eta pitz”.
Eguerdian, aurreko aldietan bezala, Ordozelai sagardotegian egin zuten bazkaria, eta bertan “jaki goxoak dastatuz eta txotx eginez, kontu zaharrak gogoratu eta elkarren berri izan zuten”.
Ondoren, esku soinuak lagunduta, kantuan eta dantzan aritu ziren. Bide horretan, antolatzaileek Nikori eta Kemeni euren esker ona adierazi nahi izan diete euren “musika eta kantu alaiengatik”.
