Sagardo Eguna, erraldoia
Goizekoa handia izan bada, arratsaldeko txotxak txiki utzi du Zumardia. Sagardoak ez du gaur, behintzat, parekorik.
Zumardia lepo, Sagardo Egunarekin. Handia, oso handia izaten ari da Sagardo Eguna. Urtero-urtero arrakasta itzela du, eta aurten ere horrela izaten ari da. Foru plaza eta haren ingurua bete ditu sagardoaren festak goizean eta arratsaldean, txiki gelditu da Zumardia. Datu bat eman dute antolatzaileek: goizeko saioan 1.000 edalontzitik gora saldu dituzte. Arratsaldekoan kopuru hori berdindu eta gainditu egingo dute. Ez da zalantzarik, arrakastatsua izaten ari da oso gaurko festa.
Eguerdian hasi dutenari, arratsaldean eman diote segida, Zumardian. 18:00etan puntuan hasi da bigarren txotxa egiteko ekitaldia. Txalapartarien ttakunak eman die abisua Zumardira bildutako dozenaka eta dozenaka lagunei sagardo dastaketa hastear zela; ondotik bertsolariak eta eguerdian egin bezala, Idoia Arbelaitz izan da hizlari aurkezpenean. Goizean egindako bidetik egin du arratsaldean ere Arbelaitzek, gozatzeko deia, jaia betean disfrutatzeko gonbita eta mezu argia: Sagardo Egunak ez duela eraso sexistarik onartuko. Protokoloa ere indarrean dutela azaldu du, eta zerbait ikusi edo gertatzekotan Zumardia eta Agirre Lehendakariaren plaza banatzen duen pintxoen txosnara bertaratu eta berri emateko eskaera.
Beste mezu bat ere, euskararen aldekoa: ahotik ahora, lagun artean eta jai giroan ere, euskara erabiltzeko galdegin du Arbelaitzek. Eskerrak emateko tartea ere hartu du antolakuntzakoak: “Eragile, elkarte gastronomiko eta norbanakoei mila esker zuen lan handiari esker gozatuko dutelako aurten ere dozenaka eta dozenaka lagunek”.
Ondotik heldu da irrintzilaria; azken horrek zabaldu du eguerdian egin bezala, arratsaldeko seietako txotx handia ere. Pili Pascual Iriberriren irrintziarekin hasi dira botilak zabaltzen eta sagar zukua zerbitzatzen. Sagardo postuak gainezka, ez dute lan makala izango bertan ari direnak zerbitzatzen. Jai giroa bikaina aurten ere sagardoaren bueltan, eta horren arrazoia, atzean lanean inurri moduan, nekaezin, ari den herrigintza sare aberatsa.
