Inguruko udalerrietan sortzen dituen ondorioengatik zergak ordainduko ditu portuak
EH Bilduko hautetsiek jakinarazi dute portua 2027an hasiko dela bere jardueraren gaineko BICE izeneko zerga ordaintzen. "Zor historikoa" kitatuko dela adierazi dute koalizioko kideek.
Teo Alberro, Maddalen Iriarte eta Mikel Arruti, gaurko Donibaneko agerraldian. 2027tik Pasaiako Portu Agintaritzak bere jardueragatik zergak ordainduko dizkie inguruan dituen udalerriei. Hala jakinarazi dute gaur, agerraldian, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren eledun Maddalen Iriartek, Mikel Arruti Lezoko alkateak, eta Teo Alberro Pasaiako alkateak. BICE izeneko zergarekin (ezaugarri bereziko azpiegituren zerga da) jasoko dute konpentsazio fiskala herriek, Ondasun Higiezinen Zergaren (OHZ) bitartez iritsiko delarik herrietara.
Izan ere, Nafarroan, Bizkaian eta Araban ez bezala, Gipuzkoan “ezaugarri bereziko azpiegitura” moduan izendatutakoek ez diete tokiko administrazioei sortzen dituzten ondorioengatik konpentsazio fiskalik eman izan. 2027tik aurrera, ordea, salbuespen horrekin hautsi eta Gipuzkoan izendapen hori duten azpiegiturek OHZren bidez zergak ordainduko dituzte, tartean, Pasaiako Portu Agintaritzak. “Zor historikoa kitatzeko urratsa egingo da”, esan du Maddalen Iriartek. BICE zerga, Espainiako estatuko araudian jasota dago, eta udalerrietan kokatutako ezaugarri bereziko azpiegiturek —portuek adibidez— sortzen dituzten ondorioengatik tokiko administrazioei konpentsazio fiskala ematea du helburu.
Pasaiako, Lezoko, eta Errenteriako alkateek egindako eskaerak erantzun baikorra izan du horrela. Hala berretsi du Iriartek. “Alkateak zoriondu nahi ditut, lortu dutelako 2027tik aurrera, behingoz, portuaren eraginpean dauden udalerriek pairatzen dituzten afekzioei aurre egiteko zergak jasotzea. Pasaiako portuak, adibidez, Bilbokoak jada ordaintzen dituen udal zergak ordaindu beharko ditu aurrerantzean”.
Iriartek jakinarazi du aldundia OHZren aldaketa prozesu betean dela, eta EH Bilduren hurrengo erronka izango dela OHZren zergan udalek errenta ahalmenaren arabera progresibitate irizpidea ezarri ahal izatea, “EH Bilduko alkateek udal tasetan ezarri ohi duten progresibitatea zergara zabaltzeko, zaurgarrienak babesteko”. Dena dela, ezaugarri bereziko azpiegituraren konpentsazio fiskalaz gaindi, “tresna iraunkor eta propioak” behar direla aldarrikatu du EH Bilduren herrialdeko bozeramaileak, “inguru honetako herriekin, eta beraz, herritarrekin dagoen zorra kitatu behar da”.
Alkateen iritzia
Portuak zergak inguruko udalerriei ordainduko dizkielako baikor izan arren, Lezoko alkate Mikel Arrutik azaldu du portuaren eta inguruko udalerrien arteko harremanean urrats gehiago egin behar direla: “Gure herritarrak dira portuko deskargen eta portuko kamioien zaratak, hautsak, isuriak pairatzen dituztenak. Gurea hiri-portu bat da, eta esandako afekzio guztiek portu eremua gainditzen dute”.
Pasaiaren gidari Teo Alberro harago joan da. Adierazi du “beste fase batera pasatzeko” garaia iritsi dela, “herritarrok behar ditugun inbertsioez hitz egiteko eta portuaren jauntxokeriarekin bukatzeko”. Portuak ondoko udalerriei zergak ordaintzea “gutxieneko” neurria dela uste du Alberrok, “baina behintzat hori lortu dugu. Gure herritarrek ez dute gutxiago merezi. Gure herritarrak dira euren bizitzak, euren egunerokotasuna guztiz baldintzatuak ikusten dituztenak, portu lurrez inguratuta bizi direlako, lur horietariko askok portu erabilerarik ez badute ere”.
