Udaletxean itxialdia egiten ari dira erresidentzietako langileak
Protestaren bidez udaleko alderdi politikoek aldundia presiona dezatela nahi dute, 170 eguneko greba mugagabea bukatu eta zaintza eredu duina eskaintzeko.
Erresidentzietako gatazkaren harira, protesta. Errenteriako Udaletxean itxi dira erresidentzietako ELAko langileak. Baldintza duinak eta hitzarmenak eguneratzea eskatzeko Gipuzkoako erresidentziek eta eguneko zentroek 170 greba egun bete dituztenean hartu dute euren aldarria udalera eramateko erabakia, “aldundia presionatzeko bide gisa”.
Itxialdia gutxienez bihar arte mantenduko dutela jakinarazi dute langileek: “Bertako ordezkari politikoei ardura eta urgentzia politikoa eskatu nahi diegu itxialdiarekin, eta behingoz hitzarmenean partzialtasunarekin bukatzeko neurriak jar ditzala exiji diezaioten aldundiari”. Horrekin lotuta, datu bat eman dute erresidentzietako langileek: “Sektoreko ia langileen erdiak borondatezkoak ez diren lan kontratuak ditu. Kopurua areagotzen ari da, baina egoitzen antolamendua aztertuta ez da justifikatzen ; atzean, zaintza arloko enpresen mozkinak biderkatzeko estrategia dago”. Hori horrela, besteak beste, %100eko lan kontratuak ezartzea eskatu dute.
Herriko Plazan elkarretaratzea zuten deituta langileek, eta haiekin batera azaldu da Sanmarkosene eta Jesusen Bihotza erresidentzietako senide mordoa, eta hainbat egoiliar. Ordu erdiz egin dute elkarretaratzea, lan baldintza duinak, eta horrenbestez, zaintza duina eskatzeko. Hura bukatuta berriz, elkarretaratzean parte hartzen ari zirenak udaletxera sartu dira eta lehen solairura igo, itxialdia egiteko asmoz. Aizpea Otaegi alkatea izan da ordezkariekin hitz egiten, eta ondoren Eñaut Gracia Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia; azken horrek zabaldu die areto nagusiko atea erresidentzietako langileei, eta horietatik hamabost gelditu dira bertan bihar arte itxialdia egiteko.
Feli Velazquez Sanmarkoseneko langilea eta Cristina Enriquez Jesusen Bihotza egoitzako langilea aritu dira erresidentzietako egoera azaltzen. Iazko urte hasieran negoziazio mahaia martxan jarri bazen ere ez dela aurrera urratsik egin jarri du nabarmen Velazquezek, “hainbat bilera egin baditugu ere ez dugu ezer zehatzik, are gutxiago loturik. Ikaragarria da Kabiako langileen eta azpikontratatutakoen arteko soldata arrakala, 10.000 eurokoa”. Horrekin batera kontratu partzialen kopuru altua jarri du erdi-erdian, eta horrek egoera prekarioa egiten duela gaineratu, “kontratu hori duten pertsona asko-askok ez dute lanbidearteko gutxieneko soldata ere kobratzen, eta ez da beraiek aukeratuta”.
Pertsonal falta jarri du erdi-erdian bestalde, Enriquezek eta hori langileen osasun egoeran eragiten ari dela, “erretiroa hartu aurretik lan orduak murrizteko aukera izan dezagun eskatzen ari gara ere, gure lanak eragiten duelako osasunean. Soldata igotzea behar dugu, baina diruarekin zerikusirik ez duten neurriak ezartzea ere behar dugu. Egoerarekin nekatuta gaude”. Ratioak, hori beste ertza, “ezinbestekoa da horiek igotzea, patronalak eta aldundiak hala dela onartu arren, ez direla nahikoak esan arren, beste alde batera begiratzen dute, ez dute neurririk hartzen”.
Senideen eta egoiliarren babesari garrantzi handia eman dio Velazquezek, bestalde, “ilusionagarria da, bakarrik ez gaudela erakusten digute. Finean gure borroka, ez da soilik guretzat, bada egoiliarrentzat ere, ratioen igoerak lan zama kenduko digulako, baina horrekin batera, arreta askoz ere egokiagoa izango da. Tristea da lanetik ateratzea gustura izan gabe egin duzulako lanarekin; ez guk ez dugulako nahi, baizik eta bitartekoak falta ditugulako, pertsonala falta delako zaintza duina bermatzeko. Guk ondo egin nahi dugu lan, ondo zaindu nahi dugu; horretarako ezinbestekoa da langile gehiago izatea”.
Ideia horretan sakondu du Enriquezek zehazteko eurena ez dela langile borroka soila, borroka soziala baizik, “zaintza duinaren aldeko borroka da. Bat baino gehiago pasako gara erresidentzia batetik, eta duin zaintzea nahiko dugu. Gure eskubideen alde ari gara lanean, baina zaintza hobeagoaren sinonimoa da hori. Gaur gaurkoz gaudenok ezin dugu zaintza duina bermatu, zaintzarekin negozioa egiten ari dira”.
Propaganda alde batera uzteko galdegin dute, “dirua garrantzitsua denean inberti dezatela, arretan eta zaintzan”. Argi esan dute biek, egoera txarra bada egoitzetan, grebarekin okerrera egiten du, “horren jakitun, patronalek zein aldundiak beste alde batera begiratzen ari dira, ez dute inolako presarik biltzeko. Hurrengo negoziazio mahaia maiatzaren 7an izango dugu”. Maite Peña Gizarte Zerbitzuetako diputatuaren gainean ere hitz egin dute, “bilera bakarra egin du eta ez du askorako balio. Maiatzaren 5ean bilera du sindikatuekin berak eskatuta. Aldundia bere ardurak alde batera uzten ari da. Aldundiak ezer egiten ez duen bitartean ez dago akordiorik egiterik”. Maite Peñari “gezurrak esateri” uzteko eskatu dio Enriquezek, “langile, senide eta egoiliarrak eskutik ari gara, eseri dadila behingoz negoziatzera egoera lehen baileen konpontzeko. Zaintza eredua aldatu eta diruaren ordez, pertsonak eta zaintza duina erdigunean jarriko dituen ereduaren alde egin dezala eskatzen dugu”.
Une honetan 130 egoiliar dira Sanmarkosenen erresidentzian, eta 140 Jesusen Bihotza egoitzan.
