Olaldeko etxebizitza tasatuak esleitzeko zozketa egin dute gaur
Altzibar auzoan dauden, hiru logela dituzten eta bigarren eskukoak diren bi etxebizitza zozkatu dituzte. Itxarote zerrendaren hurrenkera ere ezarri da.
Oiartzungo Udaletxeko areto nagusian egin dute gaur Olalde etxadiko bigarren eskuko bi etxebizitza tasatuak esleitzeko zozketa. Gainera, etxebizitzarik egokitu ez zaien interesdunen itxarote zerrendaren hurrenkera ere ezarri dute. Udaletik nabarmendu dute 188 familia unitatek hartu dutela parte gaurko zozketan.
Bi etxe zozkatu dituzte, baina zozketa bakarra egin dute, eskaintzen ziren bi etxebizitzek ezaugarri berdinak dituztelako; alegia, Altzibar auzoan daude biak, hiruna logela dituzte, eta bigarren eskukoak dira denak.
Honakoa izan da zozketaren prozesua: zozketa ontzian interesdunen behin betiko zerrendako zenbakian sartu dituzten, eta zorro batea, berriz, etxebizitzen identifikazio txartelak. Zozketa ikustera joan direnen artetik hiru boluntario aukeratu dituzte, eta lehen biek zenbaki bola bat eta segidan identifikazio txartel bat atera dituzte. Hirugarren boluntarioak itxarote zerrendaren hurrenkera zehazteko zenbaki bola atera dute zozketa ontzitik. Azken zenbaki hori duen interesduna da itxarote zerrendan lehena eta, goitik beherako segidaren baitan ezarri da interesdun guztien itxarote zerrenda. Zozketa bakarra egin dutenez, itxaron zerrenda ere bakarra da.
Behin betiko zerrendako familia unitate guztiek dute zozketaren emaitza ikusteko aukera SMS bidez jaso duten kode baten bitartez. Egin klik hemen zerrenda ikusteko.
Gaurko zozketan etxebizitza egokitu zaienak udalaren jakinarazpena jasoko dute, eta etxebizitza tasatua eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatu beharko dute: Oiartzunen erroldatuta egon eta etxe premia dutela ziurtatzeaz gain, diru sarreren muga ez dutela gainditzen justifikatu beharko dute. 20 eguneko epean beharrezkoa den dokumentazioa eskatuko die esleipendunei udalak, eta epe horretan esleipendunen batek etxebizitzari uko egin balio edo agiriak aurkeztuko ez balitu, itxarote zerrendako lehenengoari eskatuko zaio dokumentazioa.
Joana Mendiburu Garaiar Oiartzungo alkateak eman dio hasiera zozketaren ekitaldiari, eta esan du herriko etxebizitza plan integralaren parte dela etxebizitza tasatuen kudeaketa eta salerosketa. Era beran, berezitasun bat baduela ere nabarmendu du agerraldian: etxebizitza berrien salerosketa ez ezik, bigarren eskukoena ere udalak kudeatzen duela “Neurri horrekin etxebizitza tasatu guztiak legez dagokien prezioan saltzea bermatu nahi da, eta horretarako, etxebizitzaren prezioa zehazteaz gain, udalak bere egina du eroslea izendatzeko eskumena ere”.
Gaurkoa izan da udalak bigarren eskuko etxebizitza tasatuen salerosketaren eskumena eskuratuz geroztiko lehen zozketa. Bide horretan, jakinarazi dute salmentarako etxebizitza tasaturik balego –berria edo bigarren eskukoa–, hiru hilabetero egin dituztela zozketak.
Etxebizitza tasatuen udal erregistro orokorrean egon eta beren eskaerek salgai diren etxebizitzenekin bat egiten duten familia unitateek hartzen dute parte zozketan
Azkenik, aipatu dute etxebizitza tasatuen eskatzaileen erregistroan baldintzak betetzen dituen edonork eman dezakeela izena edonoiz, urte osoan baitago zabalik horretarako aukera.
