Dantzari egunaren balorazio "oso positiboa" egin du Olarrik
Hamar talde aritu ziren dantzan Oiartzunen pasa den astean, eta egunak izan zuen harrera ikusita, hurrengo urteari begira jarri direla diote Olarrikoek.
Duela egun batzuk egin zuten Oiartzunen bigarren Dantzari Eguna, eta orokorrean, egunaren “balorazio oso positiboa” egin dute dantza taldeko kideek.
Kontatu dutenez, egunean bertan gauzak antolatzen ari zirela sumatu zuten gauzak esan moduan ari zirela joaten, eta euren artean komentatu zuten jendea “pozik eta gustura” ikusten zutela.
Goizean taldeak herrira iritsi ahal, Elizalde Herri Eskolara bideratu zituzten, bertan baitzituzten aldagelak, eta denak berriz elkartu ondotik, herrian zehar egin zituzten zenbait ibilbide. Bide horiek ere adostutako denboraren barruan egin zituzten, eta herritarrak ere gustura ikusten zirenez, zenbait dantza taldek geldialdi gehiago egiteko aukera izan zuten.
Ekitaldi nagusia ere egin zuten eguerdi partean, eta horren harira dantzariek azpimarratu dute plaza “oso beteta” zegoela, eta, oro har, goiza “oso hornituta” geratu zela. Plazan hamar dantza talde eta erraldoiak izan ziren, eta denen lanari esker giro ona nagusitu zen Doneztebe inguruan.
Bazkaltzeko ordua iritsi zen gero, eta oiartzuarren talde gonbidatuen jarrera “ona eta formala” goraipatu nahi izan dituzte. Gainera, gehitu dute bazkalostean musikariak animatu, eta herri ezberdinetako dantzariak zenbait pieza dantzatzera animatu zirela.
Leinuaren txanda izan zen gero, eta Olarrikoek kontatu dute “plaza oso beteta” zegoela muxikoak dantzatzen zituzten bitartean. Era berean, jakinarazi dute Helta taldeko muxikoen taldea ere gonbidatu zutela, eta elkarrekin aritu zirela dantzan arratsaldean.
Jarduera horren ondotik ez zegoen egitarauan ezer antolatuta, baina taldeen artean sortu zen giro ona ikusita, dantza poteo bat inprobisatu, eta plaza inguruko tabernaz taberna aritu ziren dantzan.
Azkenik, egunari amaiera emateko Gabezin taldearen txanda izan zen, eta aurreko jarduerekin bezalaxe, plaza bete egin zen.
Gauzak horrela, Olarri dantza taldeko kideek nabarmendu dute “egun oso borobila” izan zela, eta gonbidatutako taldeek “feedback ona” eman zietenez, “oso pozik” daudela elkarrekin pasatutako egunarekin.
Azkenik, hurrengo urteari begira jarri direla aurreratu dute dagoeneko.
Olarri dantza taldeak zenbait bideo helarazi dizkio HITZAri, eta bideo bat sortu du horiekin hedabideak.
