Elizaldeko haurrek takoak nola jarri ikasi dute pilotariekin
Ander Imaz, Unai Amiano eta Unax Landa Elizaldeko ikasleekin izan dira, eta euren ibilbideaz mintzatzeaz gain, takoak nola jarri erakutsi zieten.
Elizalde Eskolaren 50. urteurrenaren harira, pilota izan dute ardatz egin duten azken jardueran, ikasleek Ander Imaz, Unai Amiano eta Unax Landaren bisita jaso baitute asteon.
Atzo joan ziren pilotariak eskolara, eta haurrei takoak eskuetan nola jartzen diren erakutsi zieten. Gero, gainera, ikasleek beraiek praktikan jarri zuten ikasitakoa, eta horren ondotik frontoian elkarrekin pilotan jolasteko aukera izan zuten, baita solasean aritzeko ere.
Hitzordua eskola orduetan izan zen, eta LH3, LH4, LH5, LH6, DBH1 eta DBH2ko ikasleek hartu zuten parte, bi txandatan banatuta.
Hain justu, goizean LH3, LH4, DBH1 eta DBH2kko ikalseak Madalensoron elkartu ziren Imaz eta Amianorekin, eta arratsaldean, berriz, LH5 eta LH6koen txanda izan zen eskolako frontoian. Bigarren taldekoak Landarekin aritu ziren.
Eskolatik, bestalde, nabarmendu dute Elizaldeko pilotari gazteak ere izan zirela hitzorduan, hala nola, Larraitz Galardi eta Beñat Ormaetxea.
Maiatzean, hitzordu gehiago
Datorren hilabetean ere 50 urteen ospakizunarekin jarraituko du Elizalden, eta horien artean hurrengoa Etorkizunari begira erakusketaren aurkezpena izango da. Maiatzaren 11tik 17ra bitartean egongo da ikusgai, eta bertan Transpatio proiektuaren ondorioak eta etorkizunean eraikina berritzeak sortuko lukeen irudia ikusi ahal izango da.
Era berean, eskolatik jakinarazi dute maiatzaren 17an izango dela Elizalde eguna, eta denboraren kapsula bat lurperatzeaz gain, bideoklipa osatzeko zenbait irudi grabatuko dituztela aurreratu dute.
Azkenik, oroitu dute Elizalde egunean urteurreneko merchandising produktuak erosteko aukera egongo dela, eta bideoklipa osatzen argazki zaharren bilketan parte hartzeko deia luzatu dute. Diote, eskolaren eraldaketa fisikoaren testigantza ematen duten argazkietan dutela “interes berezia”, eta horiek helbide honetara bidaltzeko eskatu dute, “ezinbestekoak” izango baitira bideoklipean eskolaren bilakaera erakusteko.
Honakoak Elizaldek HITZAri helarazi dizkion irudiak dira:

